Internet modu seguruan erabiltzeko formazio saioak eta hitzaldiak antolatu dituzte

Iraurgi Berritzenen koordinaziopean, Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek, bailarako ikastetxeek eta herri bietako gazteria sailek bat egin dute teknologia berrien erabileraren inguruko kontzientziaio saioak jorratzeko. Teknologia berriak modu egokian ez badira erabiltzen arriskutsuak izan daitezke, eta hori dela eta, erabileraren inguruko kontzientziazioa landuko dute gazteekin.

 

Aurkezpenean parte hartu dute Mikel Agirrek, Iraurgi Berritzeneko Josu Sorazuk eta Azpeitiko eta Azkoitiko hezkuntza zinegotziek, Leire Goenaga eta Nekane Larrañaga, hurrenez hurren. Ikastetxeetako ordezkariak eta gazteria teknikariak ere bertan izan dira. 

“Heziketaren ardura ez da ikastetxeena soilik. Gurasoena da, gizartearena, herriarena, bailararena. Elkarlanari esker erantzun egokia eman diezaiokegu”, esan du Nekane Larrañaga Hezkuntza zinegotziak. Horregatik eskoletatik haratago zabalduko dute proiektua. Hiru esparrutan egin dute lan: eskoletan LH4 mailako ikasleekin formakuntza saioak egin dituzte ikastetxe guztietan. Halaber, hezkuntza zentroetako klaustroarekin ere lan saioak egin dituzte, gaur egun, kasu askotan, ikasleen Internetaren ezagutza maila irakasleena edo hezitzaileena baino handiagoa delako. Horrez gain, herritar guztiei zuzendutako hitzaldiak ere antolatu dituzte.

Hitzaldiak Azkoitian azaroaren 17an eta 24an izango dira Elkargunean, 18:30ean. Lehenengoa “Internet: aukerak eta arriskuak” da eta bigarrena, “Sare sozialak: erabilera egokia”. Ementic–Internet Segurua eta Hezkuntza zentroko Mikel Agirre izango da hizlaria, eta bera izan da, besteak beste, eskoletako programa aurrera eraman duena. Bere hitzetan, gauza bat da tresnak ezagutzea baina “gaitasun digitalak bereganatzea” da garrantzitsuena, Internet eta sare sozialak modu seguruan eta arduratsuan erabiltzeko.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide