18 ikaslerekin abiatu dute Mendekotasun Egoeran Dauden Pertsonentzako Arreta Zikloa

Maxixatzen.eus 2016ko aza. 4a, 14:11

Mendekotasun Egoeran Dauden Pertsonentzako Arreta Zikloa martxan da irailetik, Urola Ikastola Azkoitia – Azpeitia BHIn, eta gaur goizean aurkeztu dute bi urteko ziklo berria. Guztira 18 ikasle daude matrikulatuta, eta mendekotasunen bat duten pertsonei (elbarriei, adinekoei, buruko arazoren bat duten pertsonei...) nola lagundu ikasiko dute.

Aurkezpenean izan dira Azkoitiko eta Azpeitiko alkateak, Iñigo Azkue zikloaren arduraduna eta Alberto Izagirre ikastolako zuzendaria, besteak beste. Javier Zubizarreta eta Eneko Etxeberria alkateek azpimarratu dute ezinbestekoa izan dela bi herrien arteko elkarlana proiektu hau aurrera eramateko. Horrez gain, zikloko ikasleei etorkizunean lana izango dutela adierazi diete, alor horretan eskaera handia dagoelako.  

Erdi mailako ziklo hori bi urtekoa da eta 2000 ordu iraungo du. Aurreneko maila teorikoagoa izango da, eta bigarren ikasturtean, otsailetik ekainera praktikak egingo dituzte: telelaguntza zerbitzuan, etxez etxeko laguntza zerbitzuan eta erakundeetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide