Irene Elorza eta Angel Rocha: "Sekulako apustua egin du Maxixatzenek, eta ondo ari da bidea jorratzen"

Maxixatzen.eus 2016ko urr. 28a, 14:00
Irene Elorza, Maxixatzeneko langile ohia eta egungo kolaboratzailea, eta Angel Rocha, Maxixatzeneko kolaboratzailea.

Duela 20 urte Maxixatzenen aldizkaria eta elkartea sortzen eta sendotzen ibili ziren Irene Elorza, Maxixatzeneko langile ohia eta egungo kolaboratzailea, eta Angel Rocha, Maxixatzeneko kolaboratzailea. Hona hemen Elorzari eta Rochari egindako elkarrizketa:

 

Zergatik pentsatu zenuten Maxixatzeneko kide izatea?

Rotxa: Nik neuk, bi gauzagatik. Alde batetik, euskararen inguruko lanketa egiteko; garai hartan, euskara normalizatzeko bidean asko zegoen egiteko Azkoitian, eta orain ere bai. Bestetik, nik beti garbi izan nuen kazetaritza ikasi nahi nuela, eta modu bat izan zen herrian bertan kazetaritzaren alorrean jarduteko. Arrazoi horiez gain, herrian bertatik sortutako komunikabide bat egotea nahi nuen, eta, noski, euskarazkoa. Azkoitiak bazuen gabezia hori.

Elorza: Nire kasuan ere, berdintsu. Orduantxe kazetaritza ikasketak amaituta nengoen, eta asko zegoen egiteko, bai euskara arloan, bai tokiko kazetaritzan. Inguruan bazeuden hasi berriak ziren esperientziak, Zumaiako Baleike adibidez, traktore lanak egin zituztenak. Horrez gain, nire belaunaldiko jendea zegoen taldean, eta horrek asko egiten du talde batean sartzeko orduan; errazago egin zitzaidan.

Rotxa: Talde parte hartzailea izatea oso garrantzitsua izan zen. Lehen pausoak talde lan baten emaitzak izan ziren; sekulako ilusioa zegoen, nahiz eta ordu asko sartu. Emaitzak ikusten nahiko azkar hasi ginen, eta horrek asko motibatu gintuen.

Lehen zenbakia esku artean izatean zer sentitu zenuten?

Elorza: Ni ez nengoen artean taldean; geroago sartu nintzen.

Rotxa: Gauza handia eta intentsitate handikoa izan zen guztia: aurretik egindako lana nola landu zen, lehen zenbakia nola tratatu zen, maketazioa, titularrak erabakitzea, aldizkariak banatzea… Gainera, emaitza oso ona izan zen. Herria zain zegoen. Ez genuen hedapen handirik egin, baina herri mailan behar bat zen batzuentzat. Berehala eskertu zuen herriak, eta oso polita izan zen.

Zein izan zen zuen zeregina?

Elorza: Ni hasieran boluntario hasi nintzen. Atal bat egiten hasi nintzen, eta gerora elkarrizketak, hurrengoan publizitatea lortu… Denetik egiten genuen denok. Hori bai, bilera pila bat egiten genuen.

Rotxa: Artikuluak eta elkarrizketak egiten nituen nik gehienbat. Bilera asko egiten genituen, bai, eta lan handia izan zen aldizkaria bera limatzen joatea. Gero, pixkanaka, bakoitza bere lan esparrua hobeto jorratzen joan ginen, eta lanak banatzen hasi ginen. Azkenean, langile batzuk kontratatzeko beharra ikusi genuen. Orduan, erabateko profesionalizazioa etorri zen, eta boluntarioen lana liberatutako jendearen lanarekin uztartzen zen.

Elorza: Nik irudipena daukat kazetaritzaz baino gehiago kanpainaz hitz egiten genuela: harpideak lortzeaz, herriko euskararen egoera hobetzeaz... Aldi berean, ordea, aldizkariaren kalitateari ere begiratzen genion; imajinazio asko erabiltzen genuen.

Zuentzat zer izan da Maxixatzen?

Elorza: Nire lehen eskola izan zen. Denok batera, helburu baten bila lan egiten genuen; ni horrekin gelditzen naiz. Orduak eta orduak ematen genituen, dena borondatez. Ilusio handiarekin egin genuen, haserrerik gabe. Garbi genuen nora gindoazen, zein norabidetan, eta zer egin behar genuen.

Rotxa: Sekulako taldea zegoen. Eztabaida asko baina oso sanoak izaten genituen. Kazetaritza ikasteko modu bat izan zen, modu ona. Herriko kontuak kontatzen genituen, kritiko kutsuarekin eta fokua leku diferenteetatik jarrita. Eskola ona izan zen. Kazetaritza genero desberdinak probatu genituen, eta erreportaje “potenteak” ere atera ziren. Hasiera batean, dena Maxixatzeni esker ikasi genuen.

Baduzue funtzionatu zuen atalen bat?

Rotxa: Elkarrizketa eta erreportaje denak, oro har. Hainbat arloz hitz egiten zen. Azkoitia oso aberatsa da horretan, bai politikan, bai kulturan, bai udalean… Jende pila bat pasatu zen Maxixatzenetik.

Elorza: Komikiak ere oso kritika kutsu bizia zuen, eta Mollo topatzeko lehiaketak ere indar handia hartu zuen.

Sei urteko etenaren ondoren, berriz piztu da Maxixatzen. Nola ikusten duzue?

Elorza: Nik beti esaten nuen webgune bat behar zuela, eta orain, behin sortuta, oso gustura nago. Uste dut sekulako apustua egin duela Maxixatzenek, eta ondo ari dela bidea jorratzen. Niretzat, Azkoitiko albisteen berri izateko webgune erreferentea da. Dena dauka: erreferentea eta aktuala da, eta eguneroko kontuak daude.

Rotxa: Nik sekulako poza hartu nuen berriz martxan jarriko zela jakin nuenean. Izan ere, alde batetik, herrian sekulako gabezia gelditu zen komunikazio esparruan, eta informazioa modu duinean, hainbat ikuspegitatik eta tratamendu desberdinekin emateko komunikabidea behar zen. Bestetik, euskararen normalizazioaren kezka zegoen. Azken urteetako datuek beherako joera erakutsi dute, eta Maxixatzen euskararen normalizazio hori bultzatzeko tresna bat da, euskaraz irakurtzekoa eta herritarren artean euskara sustatzekoa. Gainontzean, jendeak ez du euskaraz irakurtzeko euskarririk.

Noiz uste duzue egon dela euskara osasuntsuago?

Rotxa: Desberdin ikusten dut. Garai hartan, jendeak bazekien euskararen aldeko aldarrikapena egin beharra zegoela. Horregatik, dinamikak sortu ziren eta lana egin zen; gauzak lortu ziren.

Orain, berriz, alderantziz da: erakundetze mailan sartu da, eta kaleko behar hori desagertu egin da. Ez dut nabaritzen eskaera edo aldarrikapen hori. Desberdin ikusten dut; garaiak aldatzen doaz, baina orain normalizazioaren aldeko bultzada falta da. Azkoitia herri euskalduna da, baina esparru batzuetan hasia da agertzen erdararen nagusitasuna. Enpresa eta erakundeetan, esaterako, asko dago egiteko; euskaraz aritzeko aukerak murritzak dira.

Orain asko kostatzen da kide berriak topatzea. Nola erakarriko zenituzkete herritarrak euskara elkartera?

Elorza: Gauza asko daude egiteko; gabezia handiak ditugu. Ni neu haurren eta gazteen aisialdiko kultur kontsumoak arduratzen nau gehiena: oso erdalduna da, atal asko daude hobetzeko, eta euskarak beti beharko du bultzada, tamalez. Ilusioa eta sentiberatasuna behar dira, eta ez dakit arazoa ez ote dagoen hor.

Rotxa: Alde emozional hori landu beharra dago. Euskaraz egiten dugu, baina joera batzuk baditugu erdaraz egiteko. Horrez gain, oraindik ere lortzeko dago euskaraz bizitzeko eskubidearen helburua. Hori lortzeko, lan asko dago egiteko.

Merezi izan al du egitasmo honi eustea?

Elorza: Bai, dudarik gabe. Hau gabe, beste maila batzuetan egongo ginateke Azkoitian; imajinatzea ere zaila da. Jende askok ikasi du euskaraz irakurtzen Maxixatzeni esker. Adineko jende askok esaten zuen lehen euskaraz ez zuela irakurtzen. Hasieran asko kostatu zitzaien, baina esfortzuari esker lortu egin zuten. Horregatik bakarrik, merezi zuen. Gero, kohesio soziala eta harremanak ere sendotu egin dira taldeen artean. Jendeari ahotsa ematea beti da osasungarria.

Rotxa: Herri proiektu garrantzitsu bat izan da. Bere garaian zentzu bat zuen; orain beste bat du, eta eraberrituta etorri da. Aurrera egin beharko luke proiektuak.

Zein izango lirateke aurrera begirako erronkak?

Rotxa: Joera berrietara moldatu behar da, eta horretan pauso handia eman da webgunearekin. Publiko objektibo garrantzitsuena gazteria da. Gazteengana iritsi behar da, eta gaur egun zaila da aldizkariarekin bakarrik iristea. Denbora osoan sarean dabiltza, eta garrantzitsua da webgune indartsua edukitzea. Sortzen diren eztabaida denak egunero elikatzea lortu behar da; bakoitzak bere ikuspuntutik eta errespetuz. Gazteak hortik bizi dira; guztiaren iritzia ematen dute.

Elorza: Niretzat, oinarrizkoena ekonomikoki independenteak izatea da. Ekonomiak asko baldintzatzen du, eta hor morrontza batzuk egon daitezke. Zenbat eta independenteago izan, hobe. Sekulako esfortzua eskatzen du, eta are gehiago gaur egun. Baina horretara joateko joera eduki behar da.

Rotxa: Erakunde publikoen diru laguntza ofizialak behar dira, finean herri proiektu bat delako. Baina bestelako diru iturriak ere behar dira. Horrez gain, independente izaera hori ildo editorialean ere behar da: gai bat inongo menpekotasunik gabe jorratzea. Gai bat mahai gainean jartzen denean, ikuspegi denak eman behar dira. Askotan ez bata ez bestea ez dira gustura gelditzen, baina funtsezkoa da, behintzat, espiritu kritikoa gordetzea eta horri garrantzia ematea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide