Bizenta Mogel ipuin lehiaketaren oinarriak jakinarazi dituzte

Maxixatzen.eus 2016ko ira. 30a, 11:39

Abian da XXXV. Bizenta Mogel ipuin lehiaketa, eta parte hartu nahi dutenek urriaren 31 baino lehen bidali beharko dituzte lanak.

 

Bizenta Mogel literaturaren aitzindari izan zen euskal idazle azkoitiarraren omenez antolatzen du Azkoitiko kultur elkarteak, Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. 

Lehiaketan parte hartzeko hemezortzi urte baino gehiago izan behar dira, eta euskaraz idatziriko ipuinak bakarrik onartuko dituzte; gutxienez lau eta gehienez hamar orrikoak izan beharko dute, orriaren alde batetik bakarrik eta tarte bikoitzez idatzita. Lanek orijinalak izan beharko dute, alegia, aurrez inon argitaratu edo saritu gabeak. 

Epaimahaiak azaroaren 29an hartuko du erabakia, eta orduan jakinaraziko du nortzuk diren irabazleak. Sari nagusia irabazten duenak 500 euro eta oroigarria eskuratuko ditu; bigarrenak, 330 euro eta oroigarria; eta hirugarrenak, 200 euro eta oroigarria. 

Ipuinak udaletxera bidali beharko dira gaitzizenarekin izenpeturik eta, horrekin batera, gaitzizen berdina daraman itxitako kartazalean egilearen datu pertsonalak zehaztu behar dira. Helbide honetara bidali behar dira lanak: Azkoitiko Udala, Herriko enparantza z/g, 20720 Azkoitia. 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide