20 urte herrigintzan

Maxixatzen.eus 2016ko ira. 29a, 19:53
Argazkian: Karmen Irizar, Garikoitz Garmendia eta Idoia Alberdi, Maxixatzenen sortzaileak.

Duela 20 urte Maxixatzen aldizkaria eta elkartea sortzen eta sendotzen ibili ziren lantaldekoak dira Karmen Irizar, Garikoitz Garmendia eta Idoia Alberdi, besteak beste. Ordurako bazekitela esan dute egiten ari ziren lanak zerbaitetarako balioko zuela. Egin dezagun 20 urte atzera, hasierako garai haiek gogorarazteko eta ezagutzeko.

 

Nola sortu zen Maxixatzen duela 20 urte?
Idoia Alberdi: Azkoitiarrok osatzen genuen unibertsitateko talde bat elkartu ginen. Buruan antzeko ideiak genituen, eta Etxe Aitz kafetegian kafetxo bat hartzeko gelditu ginen. Han hasi zen dena. Gogoeta handirik gabe, aldizkaria sortu behar zen, eta aurrera egin genuen. Beste herrietako aldizkariak bildu genituen; tontor galantak egin genituen. Haietatik ideiak hartzen hasi ginen: diseinua, azala…


Karmen Irizar: Aldizkaria sortzeko helburua gogoetarik egin gabe hasi zen; euskara elkartearen sorrera ere gerora etorri zen. Garbi genuen herri aldizkaria atera nahi genuela, herriko albisteekin; eta oso garbi genuen euskaraz izan behar zuela. Ideia horiei eutsita, lanean hasi ginen, gaztetasunez eta lotsagabekeriaz.
Garikoitz Garmendia: Gainera, beste herrietako aldizkariak hartu, eta dendaz denda joan ginen publizitate eske.


Irizar: Gogoratzen naiz Unamuno dendara joan nintzela Arrasate Press hartuta: “Horrelako zerbait egin nahi dugu”, esan nion, eta baietza eman zidan. Sekulakoa izan zen dendarien eta tabernarien erantzuna. 19-26 urte arteko lau gazte ginen; nik ez dakit nola fidatu ziren gurekin. Gainera, batzuek zera esaten ziguten: “Jo, ze ondo: orain arte gazteleraz bakarrik neukan neure publizitatea; euskaraz ere jarri nahi nuen, baina ez nekien nola”.

Zergatik jarri zenioten Maxixatzen izena aldizkariari?
Irizar: Elkartzen ginenean beti hitz egiten genuen aldizkariari buruz, eta Aldizkaixe eta rebistie zuen izena.


Garmendia: Aldizkari horri buruz denekin hitz egiten genuen. Nik behin amari esan nion izenarekin bueltaka genbiltzala, eta amak hauxe esan zidan: “Nik maxixatzen aditu dut pertsona hura”. Nik, berriz, ideiarik ez nuen zer esan nahi zuen maxixatzen hitzak. Hortik etorri zen.


Alberdi: Batzuek entzunda geneukan zer esan nahi zuen. Azkoitiko hitzen bat nahi genuen: antxintxike esan genuen, baina zerikusirik ez du antxintxike hitzak aldizkari batekin. Maxixatzen hobeto ikusten genuen, herriko kontuak, jarduna eta halakoak biltzen dituelako.


Garmendia: Baina Maxixatzen izenarekin ere ibili ginen hausnartzen: trabatsua zela, ixa gehiegi zituela, esateko ere nahikoa zaila zela…


Alberdi: Egia da beste herrietako jendearentzat hitz kurioso bihurtu zela. Gainera, gal zitekeen hitz bat zen; oso jende gutxik erabiliko du gaur egun ere.


Nolako giroa izaten zenuten taldean?
Irizar: Barre mordo bat egiten genuen. Anekdota onak ere baditut: lehen elkarrizketa Don Anastasiori egin genion, eta gogoan dut zer galdetu zigun: “Zer zatozte, ezkontzera?”, eta “Ez, ez gatoz ezkontzera”, erantzun nion.


Garmendia: Sekulako ilusioa genuen taldean, eta horrekin aldizkari batzuk aurrera atera daitezke. Baina, proiektuarekin aurrera jarraitzeko, hori baino gauza gehiago behar dira: azpiegitura hobeak, langileak...


Zein izaten zen zuen zeregina?
Garmendia: Orduan denetik egiten genuen: argazkiak atera, elkarrizketak egin, publizitatea saldu… Guretzat dena zen berria: ni elkarrizketak sekula egin gabea nintzen. Aldizkaria eskuan ikusitakoan, berriz, hura ilusioa. Lehen helburu bakarra 0. zenbakia ateratzea zen, eta gero zer egin ikustekotan gelditu ginen.


Alberdi: Gogoan dut hasiera haietan zenbat buelta egiten genituen Martiarena inprentara, aldizkaria eginda al zegoen galdezka. Gogoratuko da hura ere, ziurrenik. Gainera, banaketa ere geuk egiten genuen hasieran.


Irizar: Kolaboratzaile bila ere ibili ginen; euskaraz idazteko kezka zuen jendeak, gehienek ez zutelako horretarako joerarik, baina jendeak ondo erantzun zuen oro har.


Alberdi: Hasierako bazkide haiek gaur egun oraindik Maxixatzenez sentitzen dutena ere harrigarria da.


Irizar: Nik gogoan dut nor izan zen Maxixatzeneko lehen bazkidea: Miguel Mari Azpiazu musikaria. “Horrelako proiektuak onak dira herriarentzat”, esan zigun.


Zerk betetzen zintuzten proiektu horretan sinesteko eta aurrera egiteko?
Alberdi: Beharrezko erreminta zen informazioa eta euskara normalizatzeko. Orduantxe ari ginen hitz horiek zer ziren ikasten eta garatzen, eta ordurako bagenekien egiten ari ginen lanak zerbaiterako balioko zuela. Hizkuntza denek dute beren hedabidea, eta euskarak ere, biziko bazen, behar zuen. Lorpen handienetakoa izan zen inoiz euskaraz irakurtzen ez zuen euskaldun horrek euskaraz irakurtzea; Maxixatzen irakurtzea. Horrekin bakarrik zerbait lortu genuela esaten genuen.


Garmendia: Gainera, hilero ikusten zen egiten genuen lanaren emaitza; baratze batean bezala zen.


Nola ikusten duzue oraingo Maxixatzen?
Idoia: Hogei urte hauetan asko hobetu da produktua, eta elkartea sendotu ere bai, barrura zein kanpora begira. Lan asko egin da. Bitxia izan zen etenaren ondoren –2009tik 2015era– Maxixatzen oso presente zegoela jendearengan aldizkaria berriz banatzen hasi ginenean. Gazte batzuk oso gazterik gelditu ziren aldizkari gabe. Horregatik, bueltatu zenean oso naturala izan zen. “Hara, Maxixatzen!”. Bestalde, ikastaro batzuk ere egin ziren etenaldi horretan. Taldeak barrura begirako lana egin zuen, eta ikasteari, prestakuntzari, garrantzi handia eman zitzaion.


Irizar: Tokikom Tokiko Hedabideen Elkartearen sorrera ere garrantzitsua izan zen, babes handia eman zuelako, bere garaian Topaguneak eman ziguna bezalakoxea.


Alberdi: Egia da, gainera, erreferente asko ditugula inguruan. Berriz martxan hasteko oinarria bazegoen: elkarte bat atzean edukitzea eta kaleko jendeak nahi izatea. Ez gindoazen ezer berririk asmatzera. Aurrez egindakoa indartzea zen helburua.


Garmendia: Hala ere, meritua du: jende multzo bat horrelako proiektu batean biltzea zaila da gaur egun.


Diruaren borroka nola eraman zenuten?
Garmendia: Laguntza eskatzen genuen; lanean hasi aurretik udaletxera joan ginen. Baina, hala ere, ez ginen diru horren zain egon. Udalak ezetz esan zuen lehenengo aldian, eta guk geure kontura aterako genuela esan genien.


Irizar: Azaro-abenduan udaletik dei bat jaso genuen: kontuak ixtean ehun mila pezeta sobratu zirela eta horiexek emango zizkigutela esan ziguten. Horiek izan ziren lehen laguntzak.


Ez dituzte proiektu guztiek egiten 20 urte.
Alberdi: Herri komunikabidea berriz martxan jartzeko ideia udaleko euskara mahaitik etorri zen. Urteetan lana ondo egin izanaren adibide garbiena da hori. Ordezkaritza oso zabala dago euskara mahaian: ikastetxeak, udal ordezkariak, elkarteetako jendea, AEK… Behar hori zegoela jaso genuen, eta hortik tiraka hasi ginen eta horrekin dihardugu.


Irizar: Behar hori lortzea handia da. Gainera, bost urte pasatu eta gero, jendea berriz ohitu da dinamika honetara.


Alberdi: Herriko kontuak beste modu batera zabaltzen dira orain. Sare sozialak daude, eta indar handia dute. Horrelako oinarria duten produktuak gustukoak dira oraindik ere. Ziurrenik aldizkariaren irakurlea eta webarena ezberdinak izango dira.


Desagertuko al da papera?
Alberdi: Oraindik ez. Niretzat, gerora agian bai. Papera garestia da.


Irizar: Gerora ere ez.


Garmendia: Agian, bai. Paperak lasai hartzea eskatzen du, eta ahal bada kafetxo batekin. Denbora behar da, baina hartu egin behar da. Zenbat denbora pasatzen dugu mugikorrarekin?

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide