Idiakezen etxejabeek eraikina Udalari emateko borondatea adierazi dute

Maxixatzen.eus 2016ko ira. 23a, 09:53

Idiakez Etxearen jabeek eraikinaren jabetza Udalaren eskuetara pasatzeko borondatea erakutsi dute eta lankidetza hitzarmena sinatu dute. Agenda kontuengatik data ezberdinak ezarri dira etxejabeek dokumentua sinatzeko. Lehenengoak Lizarralde familia eta Santa Klara komentuko mojak izan dira, titulartasunaren %40aren ordezkaritza dutelarik bien artean. Gainontzekoek, geratzen diren hiru familien ordezkariek, datorren astean sinatuko dute hitzarmena. Hala ere, oraindik, sinadura ofiziala notarioaren aurrean egin beharko dute berriro etxejabe guztiek eta udal ordezkariek.

 

Hitzarmenarekin etxejabeek eraikina Udalari emateko adostasuna adierazi dute, Udalak azken urteetan jasandako mantenimendu gastuen truke.

Horrez gain, oraindik VISESAren administrazio kontseiluak izenpetu behar du Azkoitiko Udalarekin hitzez duen kolaborazio akordioa. Hitzarmen horren arabera, VISESAk Babes Ofizialeko etxebizitzak eraikiko ditu Idiakez Etxean. 

Udalaren asmoa da ondorengo urteetan Plaza Ondo Jubilatuen Etxea tokialdatzea Idiakez Ederraren beheko lokaletara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide