Pokemon, gazte askoren udako denbora-pasa gustukoena

Maxixatzen.eus 2016ko abu. 10a, 10:05
Argazkian, Pokemonen jolasten Azkoitiko bi gaztetxo.

Modako jokoa da Pokemon, gazteen oporraldiko tresna bihurtu baita. "Esnatzen garenetik aritzen gara. Kalean denbora asko pasatzen dugu jokatzen, nahiz eta etxean ere harrapatu daitezkeen", dio herriko gazte batek. "Lehen beti kalera irteteko esaten ziguten gurasoek, eta orain kalean gaude denbora guztian Pokemonen jokatzen", gehitzen du gazteak.

 

Pokemon GO abenturazko bideo jokoa da, iOS eta Android gailuentzako egina. Jokoaren helburua ezkutatuta dauden Pokemon sagako pertsonaiak aurkitzea, harrapatzea eta horien aurka borrokatzea da. Mundu zabaleko edozein txokotan egoten dira ezkutatuta, eta ondorioz erabiltzaileek fisikoki herriak eta hiriak zeharkatu behar izaten dituzte Pokemonak aurkitu ahal izateko. Guztira 151 Pokemon espezie daude, baina horietatik 145 daude oraindik harrapatzeko moduan. "Nik 215 Pokemon ditut", dio Azkoitiko gazte batek. Denei leku berean agertzen zaie mapan Pokemona, eta ondorioz, Pokemon indartsu bat azaltzen denean, sekulako elkarretaratzeak egiten dituzte Pokemon hori harrapatzeko.

Jokoaren mapan kubo urdin batez identifikatzen dira Pokegeltokiak. Geltoki horietan objektuak erosteko aukera dago, gainera. "Edozein lekutan agertzen dira. Floreagan, Balda Plazan… Zarautzen izan nintzen orain dela gutxi, eta Pokemonak harrapatzeko baliatu nuen eguna", gehitzen du herriko beste gazte batek.

Bestalde, Pokemon gimnasioak mundu errealeko hainbat txokotan daude. Erabiltzaile bakoitzak bere Pokemon bat jarri behar du bereganatzea lortu duen gimnasioa beste erabiltzaileen aurrean babesteko. Izan ere, hiru talde bereizten dira jokoan. Jakituria taldea (kolore urdina), Sen taldea (kolore horia) eta Adore taldea (kolore gorria). Beste erabiltzaileen gimnasioak lortzeko, berriz, erronka bota behar zaie jabeei. Horretarako, aurrez harrapatutako Pokemon batekin egin behar da borrokan.

Azkoitian, esaterako, bost gimnasioa daude: San Juan Auzoan bi, Santa Klarako elizan bat, Eliz Atariko iturrian bat eta Gurea Pilotalekuan beste bat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide