Amaitu dute Inazio Iriarte kaleko lanen lehen fasea

Maxixatzen.eus 2016ko abu. 8a, 09:57
Argazkian, Inazio Iriarte kalea, ur hornidura lanak bukatu ondoren.

Inazio Iriarte kalean ur hornidura berritzeko lanetan jardun dute azken bi hilabeteetan, eta pasa den astean zabaldu zuten errepidea. Mikel Zubizarreta, Gipuzkoako Urak-eko lan horien arduradunak azaldu duenez, lanen kostua 200.000 ingurukoa izan da, eta kontsortzioaren ardura izan da kale horretako ur hornidura berritzea eta, bide batez, ur zikina eta euri ura, orain arte batera zihoazenak, banantzea eta horientzako sare berriak jartzea.

 

Lanen ordezkariek hainbat bilera egin dituzte kale horretako bizilagunekin, haien proposamenak eta iritziak jasotzeko. Horrela jakin ahal izan dute beharrezkotzat jotzen dutela bizilagunek espaloiak zabaltzea eta espaloi ertzak txikitzea. Horregatik, behin hoditeria hobekuntzak eginda, azaro aldera bigarren faseari ekingo diote, aipatutako eskaerak gauzatzeko. Urbanizazioaren hobekuntza horiek Udalak ordainduko ditu.

Halaber, espaloiak 40-50 cm-tik ia 2 metrotara zabaltzearen ondorioz, egun kale horretan dauden hainbat aparkaleku kendu beharko dituzte. Horregatik, Udalak Joseba jatetxearen azpiko aparkalekuan hainbat aparkaleku baimenduko ditu Inazio Iriarte kaleko bizilagunentzat bakarrik.

Bestalde, kale horretako ur hornidura lan berdintsuak egingo ditu Gipuzkoako Urak-ek San Martingo hiru kaletan. Lan horiek irailean hasiko dituzte. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide