Sahatsa, 40 urtez dantzan

Maxixatzen.eus 2016ko abu. 5a, 10:00
Juan Luis Lizabe, Sahatsako burua.

Sahatsa dantza taldeak sortu zenetik 40 urte bete ditu aurten. Juan Luis Lizabe (Azkoitia, 1958) izan da Sahatsako burua ia hasiera-hasieratik. Urteak daramatza buru-belarri dantza taldean, eta Maxixatzeni azaldu dio dantza dena izan dela bere bizitzan. 

 

Urrestilan sortu zen Sahatsa, 1976an, Azkoitiko eta Azpeitiko lagun talde baten bitartez. "Urrestillako gazte talde batek ikastaro moduan dantza aukeratu zuen, eta guk, horren berri izatean, urte hartako Gabonetan hara joatea erabaki genuen". Berehala, gero eta jende gehiago zegoela ikusita, dantza taldea sortzea erabaki zuten. "Talde hura sortu aurretik, ordea, Eibarko Kezka dantza taldea ikustea egokitu zitzaidan; orduan, Gipuzkoako dantzak eta makil jokoak zeharo erakarri ninduten, eta horiek ikastea gustatuko litzaidakeela pentsatu nuen. Kasualitatez, handik denbora batera, eskolan Urrestillako dantza taldeko ikasle bat tokatu zitzaidan. Hark beren ekintzen berri eman zidan, eta beraiekin hasteko eskaintza egin zidaten. Azkenean, haiekin dantzan hastea erabaki nuen".

Hasierako entseguak Urrestillan egiten hasi zen Sahatsa. Urrestilla paradisu txiki bat aurkitzea bezala izan zen Lizaberen hitzetan: "Herri txikia eta atsegina aurkitu nuen: izaera desberdineko gazte talde handia, gu baino irekiagoak, eztabaidetara ohituak, eta denak mugitzeko eta bizitzeko gogoarekin. Inguruko erromeria guztietara joaten ginen ahal zen moduan: motorrak, furgonetak eta autoak inguratzen genituen nola edo hala. Horietan guztietan ederrenak dantzako saioak izaten ziren: euskal dantzan lehen urratsak ikasi, jauziak, birak, itzulipurdiak eta makil jokoak, besteak beste. Zapatuan eta igandean entseatzen genuen, eta, etxera itzuli orduko, hurrengo aste bukaeraren zain egoten ginen".

Gerora, taldea handituz joan zen, eta Azpeitiko Berdura Plazako goiko solairura pasatu ziren entseguak egitera. "Urrestillan herriko plazan egiten genuen, eta, eguraldi gorabeheragatik, estalpe bila Azpeitiko azoka plazara aldatu ginen". Urte asko igaro zituzten han. "Azpeitian 13 bat urte egin zituen taldeak. 35 lagun inguru elkartzen ginen, eta larunbatak eta igandeak izaten ziren entsegu egunak. Izan ere, taldekide askok aste egunak etxetik kanpo igarotzen genituen, unibertsitatean ikasten genuelako".

Azkenik, Baztartxo berritu zutenean, 1992an, hango lokal bat utzi zion Azkoitiko Udalak Sahatsari. Bertan daude ordutik. "Lokal ederra da: altuera handikoa eta oso argitsua, eta taldeko materiala eta arropak gordetzeko gela, egurrezko zorua, dutxak eta aldagelak dituena. Baldintzak asko hobetu zitzaizkigun, eta aldaketa onerako izan zen".

Azkoitiko eta Azpeitiko ehunka dantzari eta musikari ez ezik, eskualdeko beste hainbat herritako jendea ere pasatu da dantza taldetik. Hala ere, Lizabek ez du uste Euskal Herriko dantza talde erreferente bat denik Sahatsa: “Beste talde bat gehiago da, beste askok bezala lan serioa egiten duena. Orain ere badago taldean inguruko herrietako jendea: Getariakoak, Zumaiakoak eta Matxinbenta auzokoak, esaterako. Gehienak, normalean, taldean ezagunen bat dutelako etortzen dira”.

Lizaberen eginkizun nagusia taldea antolatzea da. Horrez gain, dantzarien entseguak ere zuzentzen ditu, eta emanaldi eta ikuskizun programak ere osatzen ditu. "Talde ona dut inguruan: Aitor Sorazuk ordezkatzen nau entseguetara joan ezin naizenean; Andoni Juaristi antolaketa lanetan trebea da, eta Pello Larrañaga, txistularia ez ezik, bozeramaile eta publizista ona dugu. Gainera, zuzendaritzako jendearekin eta dantzari gazte gogotsuekin errazagoa da gauzak aurrera ateratzea".

 

"Talde ona dut inguruan, eta horrela errazagoa da gauzak aurrera ateratzea"

 

Lizaberen bizitzan, dantza dena izan da. "Hasieran egunerokotik deskonektatzen laguntzen zidan gustuko afizio bat zen dantza, baina gero eta gehiago betetzen ninduen fisikoki potentzia hartuz joateak, jauziak eta itzuliak airean egiteak, Gipuzkoako dantzen dotoreziak, makil jokoen indarrak eta Zuberoako pausoen trebetasunak. Pena handiena eman zidana hasi eta urte gutxira taldeko irakasle eta arduradun lanean hasi beharra izan zen; ikasle bezala nahi baino denbora gutxiago egon nintzen. Horregatik, ikastaroak egitea oso gustuko dut, modu horretan berriz ikasle bihurtzen bainaiz. Bestalde, asko gustatzen zait jatorriko herrietako dantza eta festak ikustea: beste herrialde batera joan, hango herritarrak dantzan ikusi, eta, bide batez, herriak eta jendea ikusi, inguruko paisaia, koloreak, usaina… Gero, emanaldietan, magia hori guztia azaltzeko. Adibidez, joan den urtean Bidasoan eta Bardeako [Nafarroa] herrietan ibili ginen hango ezpata dantzak eta zinta dantzak ikusten".

40. urtemuga dela eta, aurtengo San Juan bezperan Balda plazako sua piztu zuen Sahatsak. Gainera, egun horretan, Gipuzkoako ezpata dantza dantzatu zuten Azkoitiko kaleetan, sua piztu aurretik. Suaren ondoren, berriz, urtero egin ohi duten bezala, San Joan zortzikoa eta agurra dantzatu zituzten.

Ibilbide luzea du Sahatsak, eta Euskal Herriko dantza talde nagusien artean koka daiteke. "Ia urte guztietan goi mailan mantendu gara. Normalen, taldeetan etapa ziklikoak izaten dira. Alegia, urte batzuetan indartsu egotea eta besteetan beheraka egitea izaten da ohikoena, eta gero berriz errekuperatzea. Gure taldean, oro har, beherakadarik ez dugu izan. Beti gogor eutsi diogu, eta urteetan eskaini ditugun emanaldiek eta jendaurrekoek arrakasta izan dute. Etengabe ideiak ditugu, eta lanean serio jarduten dugu. Horren ondorioa eta emaitza da taldearen bilakaera ona".

Nazioartean jaialdi ugaritan parte hartu du Sahatsak. "Gure unibertsitatea Sidmouth [Erresuma Batua] izan zen, eta guztietan arrakastatsuena eta hunkigarriena Suitzako Martini jaialdia izan zen. Sidmouth unibertsitatea diot, han ikasi genuelako atzerriko goi mailako taldeekin indarrak nola neurtu. Suitzan, berriz, doktoretza gainditu genuen: Bolivia eta Georgiako konpainia nazionalekin batera, amaierako ekitaldira gonbidatuak izan ginen. Sahatsak programa bizia prestatu eta egin zuen, eta, ondorioz, talderik txalotuena izan zen. Aldageletarako bidean, taldeak hainbat emanaldi eskaintza jaso zuen, eta, horrez gain, Frantzian bira bat egitea ere eskaini ziguten. Taldea zoriontzen lehena Espainiako enbaxadorea izan zen, eta hauxe esan zigun: ‘Ikaragarria! Pabiloia saltoka jarri duzue!".

Euskal dantza tradizionalak ez ezik, koreografiak ere plazaratu ditu Sahatsak, betiere euskal doinuak oinarri hartuta: "Koreografiak sortzeaz gain, batez ere, adaptazioak, girotzeak eta dantza ezberdinekin osatutako konposizioak egin izan ditugu, dantzaren oinarria zainduz. Garbi dugu dantza tradizionala eta ohitura zaharrak mantentzea eta zabaltzea dela taldearen eginkizuna eta aurrerako ibilbidea. Gainera, euskal folklorea oso zabala da, eta oraindik asko dago ikusteko eta ikasteko", dio Lizabek.

Sahatsak hamabost musikari ditu gaur egun: txistu banda, trikitia, akordeoia, biolinak, teklatua eta abeslariak, besteak beste. "Guretzat garrantzitsua da gauza batzuk txistuarekin bakarrik taularatzea –aspaldiko kutsua mantenduz–, eta beste dantza batzuk beste musika tresna batzuekin harmonizatzea. Horrez gain, taularatzen dugun dantza horren herrialdeari lotutako abestiak ere sartzen ditugu, ahal denean.

 

"Garbi dugu dantza tradizionala eta ohitura zaharrak mantentzea eta zabaltzea dela taldearen 

 

Jantzitegiari dagokionez, altxorra du Sahatsak. Urtez urte joan dira jantzitegia osatuz, betiere adituen iritzia kontuan hartuta: "Jantziei garrantzi handia ematen diegu, eta saiatzen gara gero eta gehiago lekuan lekuko herrialdeetako erreprodukzio onenak egiten. Jantzietan Ramon Gartzia aditu handiarengana jotzen dugu", azaldu du Lizabek. Hasieran taldekideek eurek josten zituzten arropak eta osagaiak. Ordea, gaur egun, Lurdes Azpitarte da taldeko "jostuna". Osagaiak, berriz, taldekideen artean egiten dituzte, eta, jantzi bereziak eta erreprodukzioak egiteko, euskal jantzien profesionalengana jotzen dute.

Taldekideen sexuari dagokionez, oro har gizonezko gutxiago daude emakumezkoak baino. Lizabek dio betidanik izan dela dantza munduan mutil gutxiago: "Orain arte ez da arazoa izan hori; nahiz eta mutil gutxiago izan, daudenak nahikoa izan dira dantzak osatzeko".

Azken hilabeteetan, dantza taldea buru-belarri ari dira Katalina de Erauso pastorala prestatzen. Baionan aurkeztua dute, eta orain, irailaren 3an, Donostian emango dute. "Oso esperientzia ederra ari da izaten: pastorala sortu, osatu eta taularatzeko prozesua barrutik ikustea eta bizitzea. Oso aberasgarria izan da guretzat. Gainera, pastoralen inguruan genuen ikuspegia zeharo aldatu zaigu. Ikusgarria izan da elkar ezagutzen ez zuten Baionako eta Zuberoako 140 aktore, musikari eta dantzari hamar hilabetean astero-astero entseguetan ikustea, jantziak josten jardutea, eta hori guztia musu-truk egitea. Batez ere, Zuberoaren eta bertako kulturaren aldarrikapena izan da, eta sekulako elkartasuna egon da zuberotarren, lapurtarren eta gipuzkoarron artean. Aipatzekoa, gainera, Baionako ikuskizuna zein hunkigarria izan zen: 3.000 ikusleren txalo zaparrada entzutea hasieran eta gure ezpata dantza egin ondoren, eta baita ekitaldiaren amaieran jende guztia zutik bukaerarik gabeko txaloak jotzen ikustea ere. Malkoren bat ere aterarazi ziguten. Herria aldizkariak hauxe zioen hitzez hitz Sahatsari buruz: ‘Dantzak ere gustatu zaizkigu, guziz hunkigarria kausitu dugula bereziki Azkoitia/Azpeitiako Sahatsa taldeak eman daukun azken Ezpata dantza".

Gaur egungo Sahatsaren egoera ona dela azaldu du Lizabek: "Esango nuke urte denak eta etapa denak izan direla onak; desberdinak izan dira denak, baina denak onak. 40 urtean goian mantendu da taldea, zorionez, eta ez du beherakadarik izan. Beti egon izan dira eta daude ideiak eta helburu berriak, eta garai denetan egon da taldearen barruan jende multzo bat lana egiteko prest, nik muina deitzen diodana. Jende horri esker iritsi gara 40 urte betetzera. Ideiak eta lanerako prest dagoen jendea egonez gero, gauza politak egitea lortzen da".

Lizabek etorkizun oparoa ikusten dio Sahatsari, eta azaldu du berak lanean jarraituko duela ideia berriak eduki eta jende multzo bat lanerako prest dagoen bitartean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide