Zapatuan hasiko da aurtengo Urola Gustagarri

Maxixatzen.eus 2016ko uzt. 13a, 20:27

Turismoaren sustapena, bertako ekoizleen produktuak eta gastronomia bateratzen dituen Urola Gustagarri egitasmoaren edizio berria aurkeztu dute gaur Loiolan, Udako zaporeak lelopean. Zapatuan emango diote hasiera aurtengo edizioari Loiolan bertan, 12:00etan, produktuen kata eta dastaketarekin. Abuztuaren 15era bitartean, ardi gaztarekin, txakolin ekologikoarekin eta artisau izozkiarekin osatutako menu bereziak eskainiko dituzte hiru jatetxetan: Azkoitiko Iturrin eta Azpeitiko Kirurin eta Mikel Urian.

 

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Jexux Mujika, Inazio Egaña, Maite Cruzado, Javier Zubizarreta, Nekane Otaño, Yurre Peñagarikano eta Agustin Lizarralde.

 

Bisita gidatuen eskaintza zabala

Uztailaren 16an, Udako Zaporeak edizioko produktuen aurkezpena eta dastaketa, 12:00etan, Loiolako Santutegiaren atarian.

Uztailaren 23an eta abuztuaren 13an, Beizamako Arreta baserriko gaztandegira bisita, 11:00etan. Idiazabal jatorriko gazta ekoizleak eta Artzai Gazta elkarteko kideak dira Arreta baserrikoak.

Abuztuaren 6an, Urki Zahar baserrira bisita, 11:00etan. Getariako Txakolina jatorrizko deiturako mahastirik altuena ezagutu, eta txakolin horren ekoizpena gertutik ezagutu.

Abuztuaren 9an eta 11n, Egaña Gozotegiak izozkiak nola egiten dituen ezagutzea ekoizpenean parte hartuz. Bisita, Egañak Gozotegiak Landetan duen lantegira izango da, 11:00etan.

Bisita horietan parte hartu ahal izateko, izena aurrez eman behar da Loiolako Turismo Bulegoan, hango 943151878 telefonora deituta edo i-loiola@urolaturismo.eus helbidera idatzita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide