Ioritz Goenaga: "Mendia asko gustatzen zait, eta ez dit sakrifiziorik eskatzen"

Maxixatzen.eus 2016ko uzt. 1a, 12:05
Argazkian, Ioritz Goenaga aurtengo lasterketa batean.

Ioritz Goenaga Lizarralde (Azkoitia, 1988) mendi lasterkaria Kakutera edo Erlora joaten da ahal duen guztietan, sasoian mantentzeko. Hainbat lasterketa ezberdinetan parte hartu du aurten, eta uztailaren 22an Kilometro Bertikalen Munduko Txapelketan parte hartzeko asmoa du, Barrueran (Katalunia).

 

Zein lasterketetan parte hartu duzu aurten?

Batzuk aipatzearren, martxoan, Fuente De Picos de Europan (Kantabria) Elurretako Erraketa Txapelketan parte hartu nuen aurreneko aldiz; apirilean, Buetraitzeko bertikala egin nuen Arantzazun, eta joan den larunbatean, Brieva de Cameroseko kilometro bertikalean parte hartu nuen, Errioxan.

Hala ere, nahi baino lasterketa gutxiago egin ditut. Izan ere, hainbatetan izena emanda nengoen, baina alergia arazoengatik, ezin izan dut lehiatu hilabete batzuetan, oraintxe arte.

Nolatan lehiatu zinen Elurretako Erraketa Txapelketan?

Asko pentsatu gabe joan nintzen egia esan. Zerbait ezberdina probatzea nahi nuen. Bidaiatzea ere asko gustatzen zait, eta aitzakia bezala ere hartu nuan Pikos de Europara joatea. Lasterketa eguna baino astebete lehenago, ez nekien erraketen lasterketak egoten zirenik ere.

Gainera, 15. postuan gelditu zinen; ezustekoa izan al zen?

Bai, bai; neure burua atzeko postuetatik gertuago ikusten nuen. Ideiarik ere ez nuen zer zen erraketekin korrika egitea. Lotsarik ez egitea eta besteei trabarik ez egitea pentsatzen egon nintzen proba hasi aurretik. Lehenengo aldia izanda, ez nekien nola moldatuko nintzen.

Proba gogorra al da?

Bai; elur asko zegoen eta oso neketsua zen aurrea egitea. Zirkuitua bera ere oso gogorra zen, ez baitzegoen atsedenerako tarterik. Aldapa gogor bat ere bazegoen, guztiek oinez igotzen zutena, eta hori hiru aldiz gainditzeak asko gogortzen zuen lasterketa.

Nolako esperientzia izan zen?

Bikaina. Horrelako lasterketak elurretan eta mendian egiten dira, eta bertan sortzen den giroa ikaragarri polita da. Gainera, xarma berezia zuen Fuente De Picos de Europa bezalako toki batean egiteak.

Datorren urtean ere Elurretako Erraketa Txapelketan izena emateko asmorik ba al daukazu?

Bai; asko gustatu zitzaidan. Gainera, neguko kirolak praktikatzeko aitzakia paregabea da. Ea hemen inguruan horrelako lasterketaren bat antolatzen duten.

Datozen hilabeteetan beste lasterketaren batean lehiatuko al zara?

Bai, uztailaren 22an Kilometro Bertikalen Munduko Txapelketan parte hartzeko asmoa daukat, Barrueran (Katalunia).

Aurreneko aldiz parte hartuko al duzu txapelketa horretan?

Kilometro bertikala mendiko lasterketen modalitate bat da. Igoera bakarrik hartzen da kontutan, eta ahalik eta azkarren igo behar izaten da mendi puntara. Horrelako lasterketa dezente egin ditut aurten; hala ere, hain maila handiko korrikalariekin ez naiz sekula lehiatu.

Zer behar da horrelako lasterketa batean emaitza ona lortzeko?

Mendian ordu asko sartzea da gakoa. Ordea, niri mendia asko gustatzen zait, eta ez dit sakrifiziorik eskatzen. Batere konturatu gabe kilometro pila bat egiten ditut, eta gerora, hori antzeman egiten da hanketan.

Zein helbururekin zoaz Kataluniara?

Disfrutatzera noa, munduko txapelketa bat ez baita egunero egiten. Hango giroa bizitzeko gogoz nago. Hori bai, lasterketan guztia ematera eta ahal dudan ondoen egitera noa. Ea asteburu ahaztezin bat izaten den.

Zer suposatzen du zuretzat mundu mailako txapelketa batean parte hartzeak?

Izugarria izan behar du mundu osoko espezialista onenekin batera irteera puntuan egotea. Hori bai, gehiegi ere ez dut pentsatu nahi, bestela urduri jarriko naiz eta, kar-kar-kar.  

Zer-nolako prestaketa lanak egin dituzu txapelketa horretarako?

Urte hasieran helburuak finkatzen ditut, eta hasiera hasieratik begiz jota nuen lasterketa hori. Horregatik, ahal nuen ondoen iritsi nahi izan dut lasterketa horretara. Egin dudan prestaketa besteetan bezalakoa izan da: Kakutera edo Erlora askotan joan. Batzuetan azkarrago, eta besteetan lasaiago ibiltzen naiz mendian, baina beti Izarraitzen ibiltzen naiz.

Zein da zure kirol gustukoena?

Mendiarekin zerikusia duen edozer gustatzen zait. Mendiko lasterketetan ibiltzen naiz gustura, baina bizikletan ibiltzea ere asko gustatzen zait eta eskiatzea ere bai.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide