Urkullu lehendakaria Juaristin izan da, enpresaren 75. urteurrena dela eta

Gaur Juaristi enpresaren 75. urteurrena dela eta, ekitaldi ofiziala egin dute enpresan. Bertan izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantza Tapia sailburua; Aldunditik Ainhoa Aizpuru eta Javier Larrañaga diputatuak, Udaletik Javier Zubizarreta eta Ana Azkoitia, besteak beste eta gonbidatu gisa baita aurreko Azkoitiko alkate batzuk ere (Nerea Zubizarreta, Asier Aranbarri, Ramon Unanue, Roman Sudupe eta Pello Bastarrika).

Lehendakariak gogorarazi duenez, enpresa makina-erremintaren alorreko unibertsitatea izan da askorentzat. Izan ere, duela 58 urteko lehen bienalean parte hartu zuen lehen enpresa izan zen.

Urkulluk enpresaren arrakasta lortzen —Urola eskualdean erreferentzia da— lagundu duten langileak errekonozitu nahi izan ditu. Kalitatearekiko bere konpromisoagatik, berrikuntzarekiko bere apustuagatik eta atzerrira irekita dagoelako —ekoizpenaren % 90 esportatzen du—, Juaristi etengabe egokitzen ari den enpresa dela nabarmendu du lehendakariak.

75 urteeta teknologiak merkatuaren eskaeretara egokitzeko etengabeko bilakaera izan du, eta Juaristi, fresatzeko eta mandrinatzeko irtenbideei dagokienez, erreferente bilakatu da mundu osoan, askotariko sektoreetan: aeronautikarenean, ontzigintzarenean, energia eolikoarenean, olio eta gasarenean, moldeenean, meatzaritzarenean eta ekipo ondasunenean, besteak beste.

Lehendakariak enpresaren parte izan diren belaunaldien esfortzua eskertu eta Juaristik trebakuntzaren aldeko apustua egiten jarraitzen duela gogorarazi nahi izan du: "Badakit makina-erremintaren arloko unibertsitatea izan dela langile askorentzat".

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide