"Traki" kartzelara bidali du Espainiako Eloy Velasco epaileak

Maxixatzen.eus 2016ko eka. 23a, 09:41
Argazkian, Jose Ramon Lete Alberdi.

"Traki" preso politiko azkoitiarra Soto del Real (Madril, Espainia) espetxera bidali du Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak. Pasa den asteleheanean 15 urteko kartzela zigorra bete zuen Frantzian. 2010ean, "ETAren talde armatuko kide" izateagatik bost urteko kartzela zigorra jaso zuen.

 

Frantzian zigorra bete ostean, Espainiaratu egin dute, banda terroristaren kide eta kolaboratzaile izatea leporatuta, Espainiako Gobernuak 2011an eskatu zuen "Traki"-ren estradizioa. Frantzian delitu horiengatik zigorrik bete al duen baieztatu bitartean kartzelara bidali du Velasco epaileak.

2001eko abenduan atxilotu zuten Lete Frantziako Auch herrian, hilketak eragin eta kalte terroristak egitea egotzita.

"Traki" atzo pasatu zen epailearen aurretik aipatutako delituengatik deklaratzera, baina oraindik auzi gehiago ditu epaitu gabe, Fernando Andreu epaileak zuzentzen duen 4 zenbakiko Instrukzio Epaitegi Zentralean.

Azken epaile horrek, Fernando Andreuk, delitu hauek egozten dizkio Leteri: hiru polizia, Ramon Baglietto UCDren zinegotzia eta Cesar Uceda Vera tenienteordea hil izana.

Velascoren esku dagoen auzian leporatu diote bakarrik "Traki"-ri ETAko kide izatea. Hala ere, aipatutako delituengatik Frantzian zigor horiek bete dituela baieztatzen bada, auzia artxibatzea eskatuko du Eloy Velascok.

Hona hemen, ekainaren 13an "Traki" herrira ekartzeko eskatu zuten prentsaurrekoa.

Idoia Alberdi kazetariak joan den urtarrilean Jose Ramon Lete Alberdi "Traki"-ri egindako elkarrizketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide