Hondakin bilketa guztia edukiontzi bidez egingo dute aurrerantzean

Maxixatzen.eus 2016ko eka. 23a, 09:07

Udalak hondakin bilketa sisteman aldaketak ezarriko ditu. Izan ere, udalbatzak onartu du sistema berriari dagokion txosten tekniko, juridiko eta ekonomikoa. Orain, Urola Erdiko Mankomunitateari dagokio aldaketa onestea, eta horretarako hiru hilabeteko epea izango du.

 

Aldaketarekin zintzilikarioak kentzea planteatzen da sistema mistoa baztertuz eta bilketa guztia edukiontzi bidez egitea. Halaber, bilketa areagotzea ere aurreikusten da.

Edonola ere, hondakinak botatzerakoan ematen diren praktika txarrengatik kezkatuta jarraitzen du Udalak: "Ezinbestekoa da kontzientzia irmoagoa eta ahalegin handiagoa hondakin bakoitza dagokion edukiontzira botatzeko. Edukiontzi grisak ezarri genituen neurri zuzentzaile gisa, baina lanean jarraitu beharra daukagu edukiontzi horietan inpropioak murrizteko. Gure helburua, besteena bezala, bereizte tasa areagotzea da. Eta sistema aldatu nahi izateak ez gaitu helburu horretatik urruntzen. Hasieratik hartu genuen sistema aldatzeko konpromisoa herritarren borondatea errespetatzeko eta horretan saiatu gara iazko uztailean egindako udalbatza hartatik aurrera. Egia da zailtasunekin egin dugula topo, baina gure helburua da lehenbailehen aldaketa egin eta sentsibilizazio kanpaina bat martxan jartzea progresiboki bereizte tasak altxatzen joan daitezen, hori da-eta guztiok nahi duguna", dio Ogasun zinegotzi Ana Azkoitiak.

 

Kronologia

2014ko maiatzaren 20a

Udalbatzak Atez Atekoa onartzen du errefuxa jasotzeko eta edukiontziak gainerako hondakinentzat.

2014ko uztailaren 18a

Atez Atekoaren kontrako plataformak kontsulta eskatzen du.

2014ko azaroaren 27a

Udalbatzak kontsulta egitea onartzen du. (Egokia ikusten al duzu Udalak martxan jarri duen sistema mistoa?)

2015eko urtarrilaren 15ean

Kontsulta egiten da. Errolda: 9.261 / Boto-emaileak: 3.307 / Aldekoak: 1522 / Aurkakoak: 1774

2015eko uztailaren 29a

Udalbatzak bilketa sistema aldatzeko prozedurari hasiera ematea onartzen du.

2016ko ekainaren 21

Udalak sistema aldaketa gauzatzeko beharrezkoa den txosten tekniko eta ekonomikoa onartu du, eta Mankomunitateari hiru hilabeteko epea luzatzen dio bere onespena emateko.

 

Aste honetako udalbatzan sistema aldaketaren alde bozkatu zuten EAJ eta PSE-EE alderdiek. EH Bilduk aurkako bozka eman zuen, eta Azkoitia Bai abstenitu egin zen.

EH Bilduren honako bideo honetan ikus daitezke alderdien erreakzioak sistema aldaketa dela-eta:  

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide