Alde Zaharreko merkataritza lokalen alokairua ordaintzeko diru-laguntzak eska daitezke

Maxixatzen.eus 2016ko eka. 22a, 11:24

Udalak diru-laguntzak emango ditu Alde Zaharreko lokal komertzial hutsei erabilera emateko edota aktibitatea mantentzeko belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko. Alokairua ordaintzeko emango dira laguntzak. Hori ahalbidetzeko, diru-laguntzen kontzesioa arautzen duten oinarriak onartu dira eta eskatzaileek uztailaren 13ra arteko epea dute eskaerak aurkezteko.

 

Udalak 20.000 euro bideratuko ditu diru-laguntza horietara, 2016ko Aurrekontu Orokorrean aurreikusi bezala.

Miguel Angel Bastida Merkataritza zinegotziaren esanetan, "ezinbestekoa da merkataritza jarduera sustatzea Alde Zaharraren berreskuratze prozesurako, ekintzaile berriak erakarriz lan merkatura. Batetik, hutsik dauden lokalei erabilera eman nahi diegu eta bestetik, belaunaldi-erreleboa bermatu aktibitateari eusteko".

Txikizkako merkataritzari, pertsonei zuzenduriko zerbitzu enpresei eta merkataritza aldetik gunea suspertzen lagunduko duten bestelako proiektuei eman ahalko zaizkie laguntzak.

Alokairu kontratuak gutxinez hiru urteko iraupena izan beharko du diru-laguntzak eskuratzeko. Lehenengo urtean %75eko laguntza emango da alokairu ordaintzeko, gehienezko kopurua  300 euro izango delarik hileko. Bigarren urtean, portzentaia %50ekoa izango da eta gehienez 250 euroko laguntza hilean. Hirugarrengoan, %25eko diru-laguntza emango da eta 125 euro gehienera jota.

Diru-laguntzak balorazio irizpideen arabera banatuko dira. Besteak beste, aintzat hartuko da proiektuaren originaltasuna eskariarekiko; aurreikusitako inbertsioa, sortuko diren lanpostuak, alokairuaren prezioa eta euskararen presentzia.

Eskaerak Azkoitiko udaletxean aurkeztu beharko dira (Herriko Plaza z/g) Herritarren Arreta Bulegoan eta jendaurreko ordutegian, 8:00etatik 15:00etara, 30 eguneko epean, baldintza hauek argitaratzen diren hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Proiektu kopurua ez bada aurreikusitakoa eta aurrekontua agortzen ez den bitartean, Udalak epea luzatzeko aukera izango du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide