"Elkarrekin Eraikitzen" proiektua arrakastatsutzat jo dute

Maxixatzen.eus 2016ko eka. 21a, 12:29
Argazkian, eskualdeko ikastetxe, Udal eta eragileen ordezkariak eta proiektuan parte hartu duten ikasleak.

Hirugarren urtez jarraian, Elkarrekin Eraikitzen 2015-16 proiektuaren itxiera ekitaldia izan da gaur goizean Elkargunean. Eskualdeko ikastetxe, Udal nahiz eragileen ordezkariak bertaratu dira. Partehartzaileek, bereziki, ikasle nahiz irakasleek, positiboki ebaluatu dute hirugarren edizioa. Proiektuan zehar, hamabost irakaslek eta 250 ikaslek hartu du parte. Horiez gain, prozesuan zehar ikasleek egin dituzten elkarrizketa eta azterketa lanetan 40 eragilek hartu dute parte.

 

Eskualdeko bost ikastetxek (Floreaga Salestar Ikastetxea, Iraurgi Ikastetxea, Ikasberri Azpeitiko Ikastola, Xabier Munibe Azkoitiko Ikastola eta Urola Ikastola) hartu dute parte. Proiektuaren koordinatzaile lanetan, berriz, Iraurgi Berritzen -Urola Erdiko garapen eta berrikuntza erakundea- aritu da.

 

Elkarrekin Eraikitzen proiektuak hiru helburu bete nahi ditu ikaslea proiektuaren ikasketa prozesuan protagonista bihurtuz: batetik, ikasleen artean ekintzailetasunari lotutako balioak eta gaitasunak sustatzea du helburu, besteak beste, iniziatiba edo komunikazio gaitasuna. Lehen helburu hori bete ahal izateko, proiektuak irakasleei metodologia berritzaileekin esperimentatzeko aukera eskaini die. Proiektuaren hirugarren eta azken helburua, berriz, ikasleek eskualdeko egoera sozioekonomikoaren berri izatea da, etorkizunean lan munduan sartu aurretik dagozkien erabakiak ahalik eta informazio gehienarekin har ditzaten.

Jardunaldiari aurtengo edizioaren ebaluazio eta partehartze datuekin ekin diote. Ondoren, ikastetxe partehartzaileetako ikasleek, proiektuan zehar bizitako esperientziak nahiz egindako hausnarketak aurkeztu dituzte jendartean. Ekitaldia, proiektuan parte hartu duten irakasle ezberdinek osatutako mahainguru batekin amaitu dute: Jabier Baztarrika (Floreaga), Beñat Azurmendi (Ikasberri), Jose Luis Lizartza (Xabier Munibe), Jose Luis Otamendi (Iraurgi), eta Mailu Agirrezabala (Urola). Ekitaldian izan dira eskualdeko Udal ordezkariak ere.

Aurten ere proiektua bi fase nagusitan egituratu da. Lehenik eta behin, eskualdeko ikastetxeetako irakasleek elkarlanean, ikasketa kooperatiboaren inguruko prestakuntza saio bat jasotzeaz gain, ikasleek aplikatu duten proiektua berdiseinatu dute aurreko urtean identifikatu ziren hainbat hobekuntza lerro txertatuz. Bigarren fasean aldiz, ikasleak talde txikitan bilduta, irakasleek planifikatutako prozesuaren bitartez, Iraurgi Berritzenek proposatutako zortzi kasu erreal hausnartu eta lanketa bat aurkeztu dute.

Prozesuan zehar ikasleek egin dituzten elkarrizketa eta azterketa lanetan 40 eragilek hartu dute parte. Besteak beste, honako hauekin egoteko aukera izan dute ikasleek: hainbat enpresa ordezkarirekin, Azkoitia nahiz Azpeitiako Udal ordezkariekin, Urkomeko ordezkariekin, Merkatari elkarteetako ordezkariekin, Iraurgi Berritzeneko ordezkariekin, Osasun Zentroetako ordezkariekin nahiz lehen sektoreko hainbat ustiategitako arduradunekin.

 

Proiektuaren blog-ak bisitatu daitezke hemen

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide