"Denon artean lortuko dugu herrian hain sustraituta egon den pilotari bultzada ematea"

Maxixatzen.eus 2016ko eka. 17a, 12:42
Argazkian: Iraitz Korta, Josu Godoy eta Iker Agirre, II. Pelotai Euneko antolatzaileak.

II. Pelotai Eune antolatu dute Azkoitiko zazpi gazte pilotazalek. Hori dela eta, biharko, egun osoko egitaraua prestatu dute. Hona hemen Maxixatzenek antolatzaileei egindako elkarrizketa:

 

Zergatik erabaki zenuten Pelotai Eune antolatzea iaz?
Azkoitiak betidanik izan du lotura handia pilotarekin, eta horren egun bat sortu nahi izan genuen, azkoitiarrok oraindik ere pilotarekin dugun harreman estua ospatzeko.


Iazkoak arrakasta izan al zuen?
Bai, bai. Nahiz eta eguraldiak batere ez lagundu, oso giro ona izan zen. Herritarrek bikain erantzun zuten, eta aurten ere horrelaxe izatea nahi genuke.


Noraino iritsi nahi duzue?
Gure ametsa da Pelotai Eune herrian egun inportante bat izatea, herritarrek parte hartzen duten festa izatea eta neska eta mutil guztiak pilotari jantzita ikustea. Herritar guztiak horrela jantzita ikustea badakigu zaila izango dela, baina uste dugu horrek eman diezaiokeela festari behar duen kolorea. Horregatik, buru-belarri ari gara lanean hori lortzeko. Denon artean lortuko dugu gure herrian horren sustraituta egon den kirol horri bultzada ematea.


Zenbat lagun ari zarete antolatzen egun hori?
Zazpi lagunen artean daramagu antolaketa guztia. 2015eko otsailean hasi ginen bilerak egiten, eta ia astero elkartzen gara.


Nolatan bururatu zitzaizuen egun hori antolatzeko ideia?
Hasieran lagunartean aritzen ginen pilotan Kontzejupean; geure artean txapelketa xume batzuk jokatzen genituen, eta hortik sortu zitzaigun Pelotai Eune antolatzeko ideia.


Zer ari da izaten antolatzeko zailena?
Hainbat gauza konplikatzen dira bidean, baina agian guztietatik lan handiena eman digutenak bi izan dira: pilotari ohien partidak lotzea eta emakumeen partaidetza bultzatzea. Orain praka zuriak jantzita kalera irtetera animatzen ari gara jendea, egunari xarma berezia emateko, eta hori lortzea ere ez da batere erraza izango.


Nolako egitaraua prestatu duzue?
Aurreko urteko egitarau antzekoa daukagu esku artean, baina berrikuntza batzuk gehitu dizkiogu egunari: egun horretan bertan, herriko pilotarien txapelketako azken partidak jokatuko dituzte, eta, horrez gain, pilotari ohien aurkako bi partida berezi ere izango dira. Partida guztiak amaitutakoan, afaria izango da, txotx eta guzti.

Horrez gain, aurtengo berrikuntza nabarmenena herritarrak kalean praka zuriak jantzita ikustea izango da. Bestalde, pilotari ohien aurkako partidetan ere izango dira sorpresak, eta txosna bat ere jarriko dugu. Bertan telebista bat egongo da, aspaldiko pilota partida historikoak ikusteko. Gainera, herriko kaleak Pelotai Euneko maindirez josi nahi ditugu, festari kolore berezia emateko.


Maiatzaren 12an ekin al zenioten txapelketari?
Bai, hala da. Oso erantzun ona izaten ari da, gainera: haur, gazte zein adineko jende ugari biltzen da Kontzejupeko arkuen bueltan.


Zenbat bikotek parte hartuko dute?
Guztira 53 bikotek eman dute izena, denak mutilak. Ea datorren urtean neskarik animatzen den. Asko handitu da parte hartzea, eta oso gustura gaude. Iaz, esaterako, 22 bikotek eman zuten izena; zoragarria da herritarrek horrela erantzutea.

Adinik ba al dago parte hartzeko?
Ez dugu zehaztu adinik, baina, erabiltzen ditugun pilotak mugitzeko, beharrezkoa da gutxieneko adin bat izatea. Orain izena emanda dauden pilotari guztiak 16 urtetik gorakoak dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide