Jexux eta Markel Andueza: "Ea Azkoitia berriz ere finalean sartzea lortzen dugun, zorte pixka batekin"

Maxixatzen.eus 2016ko eka. 16a, 18:20
Argazkian, Jexux eta Markel Andueza Gurea pilotalekuan.

Jexux Andueza, Oteiza Pilota taldeko entrenatzailea, eta Markel Andueza, senior mailako pilotaria eta Jexuxen semea, Astigarragaren aurkako kanporaketa gainditzeko gogotsu daude. Hona hemen Maxixatzenek aita-semeei egindako elkarrizketa:

 

Azkoitia finalerdietara iritsi da. Nolako taldea du aurkariak, Astigarragak?

Jexux Andueza: Jubenilen eta nagusien bikoteak dira Astigarragaren bikoterik indartsuenak. Aldiz, kadete mailako neurketa, ezeren okerrik ezean, aurrera ateratzeko moduan izango gara.

 

Pasa den urtean Zizurkilek utzi zuen Azkoitia Herriartekotik kanporatu zuen Zizurkilek, baina aurten txanpona Azkoitiaren alde erori da, zizurkildarrak kaleratzea lortu baituzue. Zer aldatu da iaztik?

J.A.: Kadeteen eta jubenilen bikoteak aurreko urtetik aldatuta zeuden, eta nagusien bikotea, berriz, bagenekien oso ona zela. Gure helburua lehen bi mailetako partidak irabaztea eta senior mailan ahalik eta tanto gehiena egitea zen, eta halaxe izan zen.

 

Kanporaketa gogorrak gainditu eta pilotari indartsuak hartu dituzue mendean. Orain arteko zein kanporaketa izan da irabazteko zailena?

Markel Andueza: Arrasateren aurkakoa, zalantzarik gabe. Jakinaren gainean geunden Arrasatek zer nolako pilotariak zituen, eta pentsatzen genuen aurrera ateratzea zaila izango zela. Gainera, lehen kanporaketa beti izaten da zaila, ez baita jakiten ez nola aurkitzen zaren, ez eta nola erantzungo duzun partida horietan ere. Horrez gain, nahiz eta urtean zehar partida asko jokatu, Herriarteko partidek presio aldetik ez dute inolako zerikusirik gainerako neurketekin.

 

Orain Astigarragaren aurkako partidak prestatzen ari zarete. Nola ikusten duzue finalerdietako kanporaketa?

J.A.: Tanto guztiak izango dira garrantzitsuak eta pilotalekuan sortzen den presioak ere eragina izango du. Izan ere, pilotariak ez daude ohituta aulki denak jendez beteta dituen pilotaleku batean jokatzera, eta horrek ere eragina izan dezake.

M.A.: Gako asko egon daitezke: pilotari bakoitzaren eguna, urduritasuna eta pilota mota, besteak beste. Hala ere, bat nator aitarekin: kanporaketa estua izango da eta tanto bakoitzak bere garrantzia izango du.

 

Zerk egiten du Herriarteko pilota txapelketa beste edozein txapelketa baino bereziagoa?

M.A.: Azkoitiarrontzat betidanik izan da berezia Herriartekoa: alde batetik, Azkoitiko herriak txapelketa horretan lortu dituen garaipen guztiengatik, eta bestetik, herrian sortzen den mugimenduagatik. Izan ere, kalean jende asko ikusten da txapelketagatik hitz egiten eta ostiralero pilotalekua ia beteta egotan da. Gauza asko dira.

 

Azken aldiz orain hamar urte iritsi zen Azkoitia Herriarteko finalera. Ordukoan Donostiaren aurka 2 eta 1 irabazi zuen Tolosako Beotibar pilotalekuan. Hamar urteren ostean, aurten ikusiko al dugu beste behin Azkoitia finalean?

J.A.: Txapelketa lesio eta zalantza askorekin hasi genuen, baina, zorionez, kanporaketak banan-banan aurrera ateratzea lortu dugu, partida gogorrak eginda eta asko sufrituta. Hemendik aurrerakoa ere ilusio handiarekin hartuko dugu, eta ea zorte pixka batekin, partida onak egin eta Azkoitia berriz ere finalean sartzea lortzen dugun.

 

Azkoitiaz gain, Azpeitia, Hernani eta Astigarraga iritsi dira finalerdietara. Herriren bat ikusten al duzu beste hiruren gainetik, hau da, faborito garbi bezala?

J.A.: Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa hasi aurretik, Azpeitia ikusten genuen irabazteko hautagai nagusi bezala, eta behin finalerdietara iritsita ere, azpeitiarrak ikusten ditut txapela lortzeko aukera gehienekin. Hala ere, gu saiatuko gara hori gerta ez dadin aurre egiten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide