Unai Mujika: "Gazteak ari dira sano jatearen kontzientzia hartzen"

Maxixatzen.eus 2016ko eka. 15a, 12:28
Unai Mujika, Atxolan.

Ekintzaile grinari aurre eginez, proiektu berri bati eutsi dio Unai Mujikak (Azkoitia, 1982) Ormaetxe baserriko lursailetan. Lehen mekanikoa zen, baina, duela bi urtetik, atxurrarekin lurra jorratzen aritzen da ofizioz. Erabat aldatu zaio bizimodua, eta ilusioz, lanez gainezka dabil Atxola proiektuarekin.


Lorezaintza eta loradenda heziketa zikloa ikasi zenuen; nolatan hasi zinen?
Betidanik izan naiz sortzailea. Gurasoak ere baserritarrak nituen, eta neuri ere betidanik gustatu izan zait mundu hori. Nekazaritza ekologikoa egiten zuen inor ez zegoela ikusten nuen inguruan; Zarautzen bakarrik dago bat, eta hutsune hori bete nahi nuen. Zikloaz gain, gerora hainbat ikastaro ere egin ditut: erlezaintza, nekazaritza ekologikoa eta lorategien diseinua.


Nola daramazu proiektu berria?
Aldaketa handia izan da. Oso gustura nago, baina lan asko egiten dut. Administrazioa, salmenta eta nekazaritza lana, batek eramateko, asko da. Kooperatiba bat sortu beharko genuke inguruan hainbeste baserritar egonda.


Beti landare ekologikoa produzitzen duzu, ezta?
Bai, dena; produkzioa pixka bat txikiagoa izaten du ekologikoak, baina kalitatea hobea. Botikak ere naturalak erabiltzen ditut baratzean: asun ura eta azeri buztana erabiltzen ditut gehien.


Gero eta garrantzi handiagoa ematen al zaio janari garbia jateari?
Gaztea ari da kontzientzia hartzen sano jan behar dela eta; haiek kuriositate handiagoa dute, eta otarreak ere gero eta gehiagok eskatzen dituzte.


Otarreak banatzeko ideia buruan al daukazu?
Bai, laster hasi nahi dut banatzen; webgunea eta aplikazioa sortzen ari naiz horretarako. Neguan, ordea, otarre denak berdinak dira; asko errepikatu behar izaten da. 30 produktuko aukera bat egin nahiko nuke, supermerkatu txiki bat, bezeroak aukera izan dezan berak nahi duena hartzeko. Horretarako, arroza, dilistak, garbantzuak eta halakoak sartuko ditut, gertuko ekoizleen bitartez.


Sendabelar mordoa duzu.
Bereziki usainbelarren eta sendabelarren munduak erakartzen nau. Oso egokiak dira sukalderako, baratzerako, infusioetarako, ukenduak egiteko eta balkoian jartzeko. Adibidez, baratzean lagungarriak dira kontrol biologikorako: tomatea landatzean, inguruan sendabelarrak landatzen ditut, gaixotasunetatik babesteko. Modu horretan, ekosistema nahiko kontrolatuta egoten da, eta intsektizidarik ere ez da behar.
Horrez gain, ikusi dut sendabelarren beharra dagoela; izan ere, botikekin pixka bat engainatuta gaude, eta ez dakigu zer kontsumitzen ari garen. Medikuntza belarretatik dator, eta pilula hartzera iritsi aurretik belarrekin mina saihestu daitekeela pentsatu behar dugu. Ukenduak eskainiak ditut Azkoitiko farmazietan, guztiek betetzen baitute araudia.


Zertarako erabiltzen dira ukendu horiek?
Erredura, zauria, kolpea, ziatika, zirkulazioa nahiz hidratazioa hobetzeko. Ezin da analisi zientifikorik egin zer onura dituen jakiteko, oso garestia delako. Farmaziak bakarrik du gaitasun hori, eta dena ondo itxia dute. Europan, alemanek kontsumitzen dute belar gehiena; farmazeutika txarra dela ohartu diren aurrenekoak izan dira, eta haiek produzitzen dituzte botikak guretzat. Haiek balerianarekin sendatzen dute buruko mina, eta guri aspirina ematen digute. Medikuek gehiago hasi beharko lukete sendagai naturalak kontuan hartzen. Askotan ez delako aspirina bat behar, erlaxatzeko infusio bat baizik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide