Parte-hartze esperientziak jasotzeko jardunaldia egin dute Udaleko teknikariek

Maxixatzen.eus 2016ko eka. 14a, 12:26
Asier Aranbarri alkate ohia eta hainbat udal teknikari arduratu dira 2004tik hona egindako bidea azaltzeaz.

Udalak martxan duen Gobernantza eta Zuzentasun Instituzionalaren 2016-2019 Planaren baitan, udal gobernuaren arduradunek, ordezkari politikoek eta teknikariek, formakuntza jardunaldia egin dute, orain arte Azkoitian emandako parte-hartze esperientziak jasoaz.

 

Globernance Institutuaren zuzendaritzapean egin da saioa eta Asier Aranbarri alkate ohia eta hainbat udal teknikari arduratu dira 2004tik hona egindako bidea azaltzeaz, partaidetza esperientzien mapa egin ahal izateko.

Ordezkari politikoek eta teknikariek legeari begira 2004an Azkoitiko Udalak onarturiko Hiritarren Partaidetzarako Erreglamentua eta Euskadiko Toki Erakundeen 2/2016 Legea izan dituzte hizpide, bitarte horretan eman diren esperientziekin batera: Elkarguneko espazioen erabileraren inguruko parte-hartze prozesua, Azkotia-Zumarraga errepidearen proiektuaren bueltan egin zena, aurrekontu parte-hartzaileena, hondakinen galdeketa edota udalaren zerbitzuak hobetzeko aurten martxan jarritakoa.

2004a geroztik ibilbide bat jorratu du Udalak, legealdi ezberdinetan, parte-hartzearen inguruan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide