Astigarraga izango da Azkoitiaren aurkaria finalerdietan

Maxixatzen.eus 2016ko eka. 14a, 11:53
Aurtengo Herriartekoan Gurea Udal Pilotalekuan jokatutako pilota partida

Arrasate eta Zizurkilen aurkako partidak gainditu ostean, Azkoitia Gipuzkoako Herriarteko finalerdietan da. Hain zuzen, datorren ostiralean, 22:00etan, Astigarraga izango dute arerio herriko pilotariek.

 

Azkoitiak hiru partida irabazi eta beste horrenbeste galdu zituen Arrasateren aurka, baina final laurdenetara igarotzea lortu zuten, aldeko tanto kopuru gehiago eginda. Zizurkilen aurka ere irabazi egin zuten azkoitiarrek Gurea pilotalekuan (2-1), eta pasa den astean kanporaketa borobiltzeko gai izan ziren, huts eta hiru irabazita.

Orain finalerdietan Astigarraga izango dute aurrean. Azkoitiak egin duen ibilbide berdina eginda iritsi dira astigarragarrak finalerdietara. Final zortzirenetan abiatu zuten txapelketa Astigarragako pilotariek ere, eta Andoain (3-0/0-3) eta Oñati (2-1/0-3) menderatu ostean, Azkoitiaren aurkakora iritsi dira.

Azkoitiak aurrera egitea lortuko balu, Azpeitia eta Hernaniren artean garaile irteten denaren aurka jokatuko luke finala. Final nagusia Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatuko dute uztailaren 3an, 10:30ean hasita. Azkeneko aldiz Azkoitia orain hamar urte iritsi zen Gipuzkoako Herriarteko finalera. 2006ko finalean orduko herriko pilotariek Donostia bi eta bat mendean hartzea lortu zuten, Tolosako Beotibar pilotalekuan.

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide