Lidl supermerkatuak erosi ditu Urrategi bideko lursailak

Maxixatzen.eus 2016ko mai. 31a, 13:25
Argazkian, Lidl-eko zuzendaritzako arduradunak eta Javier Zubizarreta alkatea.

Zabale baserriaren eta Gurutze Gorriaren artean dauden lurretan kokatuko du establezimendu berria, eta lehengoa itxita. Esku-hartzeak zonaldearen birsorkuntza urbanistikoa ahalbidetuko du eta baita Intsausti industrialdean etorkizunean gauzatu daitekeena ere.

 

Schwarz talde alemaniarraren Lidl supermerkatu kateak erosi ditu Urrategi bideko (32 sektorea) bi lursailak Azkoitian duen aktibitata tokiz aldatzeko asmoz. Udalak esleipenerako oinarri gisa 759.521,46 euroko prezioa gehi BEZa ezarri zuen eta modu esanguratsuan gainditu du kateak aipatu kopurua. Lidl-en asmoa da egungo negozioa tokiz aldatzea Zabale baserriaren eta Gurutze Gorriaren artean dauden lurretara eta ez bigarren establezimendu bat zabaltzea bertan.

Bestetik, Lidl-ek Azkoitian egingo duen inbertsioa ez da lursailen erosketara mugatzen. Kontratazioaren arabera, esleipendunari dagokio urbanizazio publikoaren kostuak bere gain hartzea, alegia, 1.672.804,64 euro (BEZa barne). Udalaren ardura izango da obrak esleitzea baina supermerkatu kateak ordainduko ditu. Halaber, eraikina eraiki eta ingurua urbanizatu beharko ditu.

Lidl-eko zuzendaritzako hainbat kargu Javier Zubizarreta alkatearekin egon dira teknikariekin bilera egin eta azken xehetasunak ixten joan aurretik. Lidl-eko Higiezinen Gerente Carlos Vallejok, Hedapen buru Juan Luis Gueretak eta Ipar Ordezkaritzako Zuzendari Juan Sanromak adierazi dutenez, lekualdatzeak lanpostu berriak sortuko ditu. "Oraintxe bertan 11 lagun egongo dira eta establezimenduberrian 19 edo 20 bat beharko ditugu". Deskontuen estrategiarekin jarraituko dutela gaineratu dute prezioetan lidergotza ez galtzeko.

Lurrek beste zenbait enpresen interesa ere piztu duten arren, azkenean bi izan dira lehiaketa prozesura aurkeztu direnak. Santanderko higiezinen enpresa bat eta Lidl Supermercados, S.A.U.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide