Solidaritate Pintxo ekimen arrakastatsua, 2.050 euro bilduta

Maxixatzen.eus 2016ko mai. 12a, 12:32

Solidaritate Pintxo ekimena antolatu zuen Floreaga Ikastetxeko Gazteak eta Garapena taldekoek joan den zapatuan Kontzejupean. Bertan pintxo eta tragoak hartu eta, bide batez, behartsuei laguntzeko aukera izan zen. 

Gazteak eta Garapena taldekoek barra handia prestatu zuten goizean goiz. Laguntzaileek etxean egindako pintxoak, opil eta bizkotxoak laster hasi ziren iristen. Txorizo eta txistorra pintxo beroak, bokata txikiak, urdaiazpiko, gilda, arrautza egosia ganbarekin, eta abar.

Jende askok eman du laguntza: harakinek (Iñigo Agirre, Iñaki Etxeza, Bittor, Zumardi, Traki, Otzarreta), okinek (Beheko okindegia, Landakanda), Elkarte eta tabernek ere ardo eta edariarekin laguntza eman ditu: Abiola, Urrategiko elkartea, Arrabaleko txokoa, Txuri Urdin, Plaza Berri, Umore Ona, Ardatz, Beti Poz, Jose Luis Cuevas, Bar Alejandro, Antonio Sudupe, Itziar Arrandegia.

Ekimen horrekin batera Bigarren Eskuko denda txiki bat ere jarri zuen Floreagako ikasleen Solidaritate Taldeak: Familiek ekarritako jostailuak, liburuak, dvdak eta Beningo artisautza jarri ziren salgai.

Aldi berean, Alai Batzak jolas solidarioak antolatu zituen, plazako Garagardo Azokako karpan, eta ume ugari aritu zen jolasean.

Hainbat pertsonak ere euren eskupekoa edo diru laguntza eman zuten edo itsulapikoan sartu zuten. Udalak bere baimena eta baliabideak utzi dizkie, eta Javier Artetxek kartelak borondatez egin dizkie.

2.050 euro jaso dituzte orotara

Diru laguntza hori Ekuadorrera bidaliko dute osorik, pairatu berri duten lurrikarak kaltetuei laguntza emateko. Laguntza hori Salestarren bitartez bideratuko dute, han behartsuenekin lanean ari baitira Salestarrak azken 100 urtean. Orain Azkoitiko Inazio Arrieta “Ixkurre” han ari da misiolari gisa.

Ekimenean laguntzen jarraitu nahi izanez gero, diru sarrera egin daiteke Kutxabankeko gure kontuan: ES06 - 2095 0010 40 9105593086.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide