Aitor Aranaren hitzaldia asteazkenean, Elkargunean

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatuta, Maiatzeko Lorak ekitaldi sortaren aurreneko hitzaldia eskainiko du Aitor Aranak gaur Elkargunean, 19:00etan. Esperantoa: euskara normalizatzeko hizkuntza baliagarria izenburupean arituko da idazlea. 

 

Maiatzeko Lorak Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen udaberriko kultur eskaintza da. Aurten hitzaldi sorta bat eta erakusketa bat antolatu ditu.

Alde batetik, hizkuntza kontuak aztertuko dituzte Aitor Aranak eta Koldo Zuazok. Esperantoa eta euskalkiak izango dituzte hizketa gai, hurrenez hurren.

Bestetik, duela 250 urte Iraurgi bailaran piztutako Gariaren Matxinada gogoratu, eta garai hartara gerturatuko dira, Azpeitiko Kultur Mahairekin elkarlanean prestatutako erakusketa eta hitzaldiekin.

 

Egitaraua:

 

  • Maiatzaren 4an, 19:00etan, Elkargunean, Aitor Aranaren hitzaldia: “Esperantoa: euskara normalizatzeko hizkuntza baliagarria”. Literaturako genero eta gai asko jorratu dituen idazlea da Aitor Arana. Sari ugari eskuratu izan ditu, baita maila gorenekoak ere, hala nola, Euskaltzaindia saria edo Irun Hiria. 

     Esperantoa nazioarteko harremanetarako hizkuntza neutral bakarra dela dio idazleak. Neutrala esatean, munduko inongo hizkuntzarik ez duela ordezkatu nahi esan nahi da, eta herri guztien arteko harremanetan inposaketarik gabe laguntzen duela.

    Esperantoa ikasteko lehenbiziko gramatika 1870ean sortu zen, hizkuntza naturalen osagarri logikoak bereganatuta eta zailak baztertuta. Hori dela eta, "munduko hizkuntzarik ikasterrezena" dela dio Aranak: "Herri bakoitzak bere hizkuntza eta denok Esperantoa adierazteko eta mezu hori praktikan jartzeko sortu zen", azaldu du.

   Bestalde, Arana prest azaldu da gai horren inguruan interesa dutenei ikastaro bat emateko. 

 

  • Maiatzaren 10ean, 19:00etan, Torre Zurin, matxinadaren 250. urteurreneko erakusketaren aurkezpena. Erakusketa maiatzaren 22ra arte egongo da ikusgai.

 

  • Maiatzaren 10ean, 19:00etan, Torre Zurin, Iñigo Aranbarriren hitzaldia: “1766ko matxinada, kultura eta umorea”.

 

  • Maiatzaren 18an, 19:00etan, Torre Zurin, Juantxo Madariagaren hitzaldia: “Euskal Herriko XVII. eta XVIII. mendeetako matxinadak. Ikuspegi soziala”.

 

  • Maiatzaren 26an, 19:00etan, Elkargunean, Koldo Zuazoren hitzaldia: “Euskalkien sorlekuak eta Azkoitiko euskara”.

 

  • Ekainaren 1ean, 19:00etan, Elkargunean, Oihane Oliveriren hitzaldia: “Emakumeen rolak antzinaroan”.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide