Saneamendu eta horniketa sarea berrituko dute San Martinen eta Inazio Iriarten

Maxixatzen.eus 2016ko mai. 3a, 11:26

Udalak eta Gipuzkoako Urakek saneamendu eta horniketa sareak berritzea adostu dute San Martinen eta Inazio Iriarten. Lanen helburu nagusietako bat da hondakin-uren eta euri-uren sareak banatzea, orain batera baitaude. Obrei esker, matxurak murriztuko dira, ur galerak saihestu eta usain txarrak eta filtrazioak minimizatu.

 

San Martinen, Rikardo Otaño, Ama Josefa eta Jose Egino kaleetan egingo dira lanak. Obrak 403.392 (BEZa barne) euro kostako dira, eta Udala eta Gipuzkoako Urak arduratuko dira finantziazioaz.

Gipuzkoako Urak S.A. arduratuko da obrak lizitatzeaz, esleitzeaz eta zuzentzeaz. Aste honetan bertan aterako ditu lizitaziora San Martinen egingo diren lanak, eta datorren astean gauza bera egingo du Inazio Iriarteko 9. eta 23. zenbakien artean egingo diren lanekin.

Inazio Iriarteko esku-hartzearen aurrekontua 226.801eurokoa da. Gipuzkoako Urakek  jarriko ditu 101.757 euro, eta gainerakoa Udalak ordainduko du. Rikardo Otaño, Ama Josefa eta Jose Egino kaleetako lanei dagokienez, kostua 176.591 eurokoa da. Horietatik Gipuzkoako Urakek 84.943 euro ipiniko ditu, eta Udalak beste 94.632 euro.

Rikardo Otaño, Ama Josefa eta Jose Egino kaleetan 567 metro lineal hoditeria berrituko da eta beste 700 metro Inazio Iriarten.

Gainera, Gipuzkoako Urakek egin beharreko lanak aprobetxatuz, ur azpiegiturak berritzeaz gain Inazio Iriarteko asfaltoa eta Rikardo Otaño, Ama Josefa eta Jose Egino kaleetako espaloiak konponduko dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide