XVIII. mendeko suminduak

Argia.eus 2016ko api. 8a, 12:09

1766an herritar xumeen erreboltak Urolako eta beste hainbat txokotako bazterrak sutu zituen. Gosearekin espekulatzen hasita zeuden jauntxoekin haserre, berdintasunaren bandera jaso zuten. Entziklopedia handietan hala ere, matxinada hura zapaldu zuten kapitalisten izenak baizik ez dira ageri, ilustrazioaren jantzia soinean dutela. Apenas dagoen literaturarik euskaldun pobreentzat. 

 

Azkoitiko Egurbide burdinola parean “Geldi! Geldi!” entzun zuten bi emakume zamazainek. Bidera ateratako olagizon eta zapatariak deliberaturik zeuden bihiz kargatutako asto haiek herrian geratuko zirela. Apirilaren 14a zen, ilunabarrerako Azkoitia eta Azpeitiko jabe ziren matxinoak eta hurrengo egunetan Urolaldera ez ezik, Gipuzkoa osora eta Bizkaia eta Arabara zabaldu ziren iskanbilak. Ogiaren prezioa jaistea zen eskari nagusia, baina ez hori bakarrik, herri gosetu batek handikien gehiegikeriei emandako erantzuna ere izan zen.

250 urte igaro dira matxinada hura gertatu zenetik. Gutxienez mende bat atzera zetorren erro sozial anitzeko kalapita eta zikulusaltsa kate luze baten beste begi bat izan zen. XVII. mendean Matalazen egiazko xiberutarrak lurraren pribatizazioaren aurka jaiki ziren antzera, ekin zien baserritarrek jauntxo librekanbistei XVIII. mendean.

Europan halakoak gero eta maizago gertatzen ari ziren. Ingalaterran herri-lurren itxiturak, Eskandinavian zerga-biltzaileak, Oporton likoreen monopolioa… Kalera ateratzeko arrazoirik ez zitzaien falta ogia besterik ahoratzerik ez zuten maizter eta soldatapekoei. Frantzian 1724tik 1789ra herritarren 100 altxaldi kontatu zituen Daniel Mornet literatur kritikoak, horien erdia azken 25 urteetan. Ez alferrik ebatzi zuen liberalismo ekonomikoak dena dela negozio, baita sufrimendua ere.

 

Jarraitu irakurtzen erreportajea Argia.eus-en.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide