Artea, edo porrotean irabaztea

Berria 2016ko mar. 17a, 09:50

Arte sorkuntzak ohiko sistemaren esparruak gainditzean lortzen du bere benetako zentzua, Xabier Gantzarainen ustez. Gai hori izan du mintzagai Donostian emaniko hitzaldi batean. 

Kaleko artea sustatu eta hartaz gogoeta egitea du xede Hormek diote Donostia 2016 kultur hiriburutzako programak. Horren barruan, gonbita egin zioten Xabier Gantzarain arte aditu eta Kalostra arte eskolako zuzendari ohiari, gaiari buruz iritzia plazaratu zezan. Bueltan, ordea, «kontraeskaintza» jaso zuten antolatzaileek. Kalean egiten den arteari alderantzizko zentzua eman, eta arteak kale egiten duenean gertatzen denaz mintzatzeko proposamena egin zuen Gantzarainek. Herenegun aurkeztu zuen bere hausnarketa, Donostiako Garoa liburudendan, bideoz, irudiz eta liburu aipuz lagundutako hitzaldi batean. Arteak kale egiten duenean. Hau ez da Berlin izenburua jarri zion mintzaldiari.

Aretoko aulkietako bakoitzean, pantailan bezalaxe, irudi bat: Donostiako horma bat, 2010eko irail partean Zinemaldiak Banksy artista ezagunaren Exit Through the Gift Shop filma eman zuenekoa. Paretan, hain zuzen, Banksyren estiloko irudi bat eta, bertan, gizon bat, pareta zati bat inguratzen duen marko bati begira. Soka ekarri zuen margoketak, eta elkarri kontra egin zioten hura ezabatzearen eta ez ezabatzearen aldeko iritziek. Azkenean, marrazkia deuseztazea ebatzi zuten hiriko agintariek.

Anekdotak, anekdota izanagatik, egungo gizartearen «gaitzak» deskribatzen dituela uste du Gantzarainek, eta, batik bat, «gaitzik larrienetako bat salatzen du, sinadurarena». Alegia, autoretzaren pisua, eta hari egozten zaion autoritatea. Galderen errenkadaz azaldu du Gantzarainek paradoxa: «Sasoi hartan Banksyk 'irudi hori nirea da' esan izan balu, zer gertatuko zen? Norbaitek pareta hartu eta salduko zuen? Banksyrena balitz, han egongo litzateke oraindik?». Eta erantzuna, zeharka, baina dena esanez: «Irudi hura dagoeneko ez dago pareta hartan, besteak beste, hau ez delako Berlin. Irudi hori Kalostrako horma batean zegoen, eta orain Kalostra ez dago, hau ez delako Berlin, agintari politiko batek esan zuen bezala».

Jarraitu irakurtzen Berria egunkariko artikulua. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide