Udalak Urrategi bideko bi lursail saltzeko lizitazio prozesua abiatu du

Maxixatzen.eus 2016ko mar. 9a, 11:59

Udalak Urrategiko 32 sektoreko bi lursail salmentan jarriko ditu, zehazki, Zabala baserriaren atzekaldean kokaturiko lurrak dira. Astelehenean eginiko ezohiko udalbatzak lizitazio espedientea onartu zuen, lursailak salmentara atera ahal izateko. Gune hori hirugarren sektorearen erabilerarako bideratuko dute.

 

Lurzatiak, Planeamenduko Arau Subsidiarioetan, Urrategi bidea 32 Sektoreko B1 eta B2 gisa identifikatuta daude. Sailak hiritargarriak dira, eta kalifikazio mistoa dute, bizitoki eta jarduera ekonomikoarena. B1 lursailak 4.298 m2-ko azalera du, eta gehienezko okupazioa 1.800 m2-koa izango da plantan. B2k, berriz, 2.395 m2 ditu, eta 300m2-ko okupazioa du baimenduta, definituriko lankidetza sistemaren arabera.

Udalak esleipenerako enkante prozedura erabiliko du. Oinarri gisa 759.521,46 euroko prezioa ezarri du bi lursailentzat. Halaber, esleipendunak ordaindu beharko ditu urbanizazio lanak, nahiz eta Udala arduratuko den lan horiek adjudikatzeaz.

Ohikoa den bezala, Udalak iragarkia bere webgunean eta Gipuzkoako Buletin Ofizialean argitaratuko du lursailak erosteko interesa dutenek euren proposamenak aurkeztu ditzaten iragarkia argitaratu eta 30 laneguneko epe barruan. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide