Emakumerik gabe ez dagoela demokraziarik gogorarazi du Udalak M8an

Maxixatzen.eus 2016ko mar. 8a, 12:40
Argazkian, ezohiko udalbatzako une bat.

Gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta Udalak gogorazi nahi du "emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna funtsezko eskubidea eta oinarrizko balioa dela demokraziarentzat eta berdintasuna inplementatzeko konpromisoari tinko eusteko asmoa" adierazten du atzoko ezhoiko udalbatzan onarturiko Adierazpen Instituzionalean. 

Atzoko ezohiko udalbatzan adierazpen instituzional hori onartu zuten, EAJ eta PSE-ren baiezko botoekin eta EH Bilduren eta Azkoitia Bairen abstentzioarekin.

 

Azkoitia Bairen erantzuna EAJ-PNV udal taldeak Emakumeen Nazioarteko Egunari buruz aurkeztutako Adierazpen Instituzionalaren inguruan: 

"Gure taldea ez da komunikabideentzako idatziak egiteko eta taldeko elkarretaratzearen aldekoa. Guk horrelako gauzak pertsonalki egiten ditugu eta ez talde bezala, baina talde bezala bai prest gaudela, edozein gai dela, lanean buru belarri jartzeko. Beraz nahi duzuenean jarriko gara hiru gai hauetaz lanean eta ea noraino iristen garen.

Ni batzorde denetan izaten naiz, eta hiru gai hauei ez dut ikusten aparteko garrantzia ematen zaienik eta orain talde denok badirudi beste inor baino gehiago inplikatu garela.Herritarra engainatzea dela iruditzen zaigu eta esan bezala garrantzia ematen badiegu lehen bai lehen hasi beharko genuke batzordeetan sakontzen, ez dadin dena adierazpen eta mozioetan bukatu.

Kasualitatez gaur bazkalostean, Maxixatzeni gain-begirada bat ematen ari nintzela, Azkoitiar Eneritz Artetxeren bi bertso irakurri ditut, lehena harira datorkigu, eta honela dio":

Martxoak 8 iristen zaigu

aurrerapenen kolorez

urte osoko "tradizioak"

eta "reflejoak" gordez

pankarta, aho eta titular

denak esaldi dotorez

baina mundua ikusi behar

dugu betaurreko morez

aldarrikapen guztiak egun

batera mugatu ordez.

 

EH Bilduren erantzuna adierazpen horren gainean: 

EH Bilduk emendakina aurkeztu zuen. Adierazpena onartu ahal izateko guretzako ezinbestekoa da EH Bilduk talde feministen eta Emakunderen irizpideak jarraituz proposatutako aldaketak eta eranskinak bertan sartzea. Horrekin, lekuko erakundeak konpromiso zehatzak jaso asmoz. Nahiz eta adierazpena Europara begirakoa izan, ez dugu soberan ikusten, alderantziz, garrantzitsua iruditzen zaigu gure proposamena. Horrek, ordea, bertakoa izan behar duela uste dugu; eraginkortasunari begira, Eudelek enplazamenduak atzerrira begira egiten baititu. 

 

 


Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide