Lizarazu: "Guretzat ez da hemen bukatzen, oraindik sei final handi gelditzen zaizkigu"

Maxixatzen.eus 2016ko mar. 1a, 10:54

Intza Lizarazu Jauregi (Azkoitia, 1991) Añares Rioja ISB taldeko kapitaina da, eta ia urtebetez Lehen Mailan jokatu ondoren, dagoeneko LF2ko taldea da matematikoki, sei jardunaldiren faltan.

 

Zamoran 87-56 galdu ondoren, matematikoki LF2ra jaitsi zarete. Nola zaudete?

Bai, horrela da. Guk bagenekien zein ginen denboraldia hasi baino lehen eta nora gindoazen, eta beraz, orain daukagun sentipena ez da hain txarra. Egiten ari garen lanarekin gustura gaude, eta oraindik gerra asko daukagu emateko. Jokatutako guztiak galdu ditugu, 20 guztira; baina guretzat hau ez da hemen bukatzen, oraindik sei final handi dauzkagu aurretik, disfrutatzeko eta dena ematen jarraitzeko.

Burua hotz mantentzea zaila al da hainbeste porroten ondoren?

Partida guztietan saiatzen gara burua hotz eta bihotza bero mantentzen. Egia da inori ez zaiola gustatzen astea joan eta astea etorri partidak galtzea, baina hasieratik genekien zaila izango zela. Hala ere, azpimarratu nahi dut inoiz ez dugula partidarik galdutzat eman azken minutura arte.

Zer falta zaizuela uste duzu beste taldeei irabazteko?

Sekulako maila dago Lehen Mailan zentzu guztietan: fisikoan, indarrean eta altueran, besteak beste. Ezaugarri horietatik, batez ere, altuera da falta zaiguna; errebotean asko ari gara sufritzen.

Noiz ikusi duzue gertuena garaipena?

Ferrolen, hiru punturengatik galdu genuelako. Ez genuen uste horrenbesteko aukerekin iritsiko ginenik partidaren amaierara. Minutu bakoitza borrokatu genuen eta azken jaurtiketa ere izan genuen partida berdintzeko. Asteazken honetan beraien aurka jokatuko dugu Azpeitiko kiroldegian, eta, agian, irabaziko diegu; zergatik ez?

Presiorik sentitu al duzue?

Bai, baina normala da presio puntu hori sentitzea partidetan. Irabazteko nahi horrek antsietatea sortzen du askotan. Liga honetan gure taldea dela esango nuke presio gutxien sentitzen duena; guk ez daukagu ezer galtzeko, eta asko, irabazteko.

Gelditzen zaizkizuen sei partidak lasaiago jokatuko al dituzue?

Ez; orain arte bezala jokatuko ditugu. Kantxara irabaztera aterako gara, eta aurkariei gauzak zail jartzen saiatuko gara. Matematikoki jaitsita egoteak ez du esan nahi hemendik aurrera lasaitu egingo garenik. Irabazteko eta lehiatzeko gogoekin jarraitzen dugu berdin-berdin. Gauzak ondo eginez eta partida on bat jokatuz, garaipena lortzea izugarria izango litzateke, eguneroko lanaren fruitua litzateke.

Orokorrean, nolakoa izaten ari da denboraldia?

Polita ari da izaten, baina aldi berean pixka bat gogorra ere bai. Ez da erreza astero- astero partidak galtzea, hainbat ordutako bidaiak egitea eta porrotarekin etxera itzultzea. Argi daukagu, ordea, denboraldi hori bizitzeak gauza asko ikasteko aukera eman digula, eta datorren denboraldirako aurrerapauso bat emanda izango dugula. Gustuko lekuan aldapa gutxi dago.

Asko bidaiatu behar izan duzue. Horrek asko neskatzen al du?

Bai, eta batez ere bidaia luzeek. Normalean, partida egun berean abiatzen gara, eta horrek asko nekatzen du. Hala ere, nekea ez da izan partidak galtzeko aitzakia, baina egia da gogorra egiten dela orduak autobusean pasatu ondoren partida jokatzea.

Aurten ikasitakoak hurrengo denboraldian emaitza onak lortzeko balioko al dizue?

Nik uste aurten ikasitakoa betirako izango dugula gurekin. Datorren urteko emaitzak urruti daude, baina eguneroko lanak bere emaitzak ematen ditu, eta hori datorren denboraldian ikustea polita izango litzateke. Asko ikasi dugu, batez ere jokoan agresibitate gehiago izaten, erritmoa desberdina baita liga horretan.

Nola dago orain taldea?

Ondo dago; eguneroko lanean oinarritzen gara, eta egokitzen zaigun taldea ahalik eta ondoen aztertuz asteko partidak prestatzen ahalegintzen gara. Argi dago garaipenen bat lortzea nahi dugula, eta horretarako borrokan jarraituko dugula.

Lehen Mailan jokatzea ametsa zela esaten zenuen; egindako lanarekin gustura al zaude?

Aukera hori izatea izugarria izan da. Pertsonalki, nahiko ondo egokitu naiz liga horretara, eta egindako lanarekin pozik nago. Oraindik ere ikasteko gogoz jarraitzen dut; gehiago eman dezaket.

Lehen Mailara itzultzea izango da datorren denboraldiko helburua?

Hitz potoloak dira horiek. Datorren denboraldiko helburu nagusia, orain arte bezala, disfrutatzen eta ikasten jarraitzea izango da. Emaitzak etorriko direla ziur nago, eta are gehiago taldeak duen ilusioarekin eta borrokarako gogoarekin.

Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiet urte guztian zehar guregan sinesten ari den jende horri eta astero-astero polikiroldegira hurbiltzen diren guztiei, beraiek gabe oraindik eta zailagoa izango bailitzateke. Baita babesleei ere, garai zail hauetan ez delako erraza babesleak bilatzea, eta, azkenik, baita gure bazkide egin den hainbeste jenderi ere. 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide