Martxoaren 5ean taularatuko dute "Eskutitzak" antzezlana Baztartxon

Maxixatzen.eus 2016ko ots. 24a, 17:14

Itziar Elias azkoitiar aktorearen Eskutitzak antzezlana izango da, Udalaren babesarekin, martxoaren 5ean Baztartxon, 22:00etan. Sarrerak aurrez 6 eurotan egongo dira salgai, eta egunean bertan 8 eurotan. Maxixatzen Euskara Elkarteak bere bazkideen artean bost lagunentzako bina sarrera zozkatuko ditu. Bestalde, martxoaren 3an, osteguna, ahozko transmisio historikoaren bideo produkzioa izango da.

Ahozko transmisio historikoaren baitan Juan Bautista Mendizabal eta Ekaitz Etxezarreta historialariak bertaratuko dira. Hizlarien ondoren, azkoitiarren bideo batzuk proiektatuko dituzte, 1936ko pasadizoak ezagutarazteko. 

Eskutitzak antzezlana Eliasen aitita-amamen istorioan oinarritzen da: familia falangista bateko alaba eta postari errepublikazale baten semea maitemindu zirenekoa. Aspaldiko eskutitz batzuk aurkitzerakoan izan zuen istorioaren berri Eliasek. Bere etxekoarekin batera, 1936ko gerraren bueltan beste hainbat gaztek izandako istorioak jaso, eta Eskutitzak antzezlanean batu ditu, Izaskun Arandia zinegilearekin elkarlanean.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide