Nerabeek artearen bidez egingo diete aurre euren erronkei WhatsARTen

Maxixatzen.eus 2016ko ots. 19a, 12:22

Donostia 2016ren kultur proiektuaren baitako WhatsART Gipuzkoako nerabeei zuzendutako ekimena hastear da, eta hori aurkezteko bilera izan zen pasa den asteazkenean, hilak 17, Elkarguneako aretoan Kultibak antolatuta. Ekimenean parte hartuko duten 15 eta 18 urte bitarteko 44 nerabe (lau eskualde bakoitzeko) aukeratuko dituzte, eta gazteek artearen bidez nerabeen kolektiboak aurrean dituen erronkak eta arazoak identifikatuko eta irudikatuko dituzte. Proiektuaren azken emaitza gazteek garatutako ekoizpen artistiko bat izango da.

 

WhatsART ekimenak, "Artea zure mundua aldatzeko" goiburupean, artea eta sorkuntza partekatuaren bitartez gazteen erronka eta arazoak identifikatzea eta adieraztea dauka helburu, gazteek elkarrekin bizi duten gizartea hobetzeko eta etorkizun hobea bermatzeko. Hori gauzatzeko, komunikazio eta arte gaitasunak garatzen lagunduko dieten hainbat tailer eta laborategitan parte hartuko dute gazteek.

Lan horretan, Kultibaren lantaldeko kideez eta zenbait artista profesionalez osatutako bitartekari talde baten laguntza izango dute. Haien laguntzarekin, gazteek Gipuzkoako nerabeen errealitateari buruz hausnartuko dute eta artea eta sormena aurrean dituzten arazoak konpontzeko tresna izan daitezkeela ikusiko dute. Talde dinamikak, laborategiak, kontraste taldeak eta foro bat martxan jarriko dira espazio digital modura.

Hori guztia artista profesional baten laguntzarekin landutako ekoizpen artistiko batean gauzatuko da, eta planteatutako erronka edo arazoa irudikatuko dute. 

Ekimenean parte hartu nahi duten nerabeek laister sortuko duten blogean (http://dss2016.eu/dss2016eu/ahotsak/) izena eman beharko dute. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide