Lanean euskaraz egin ahal izateko ikastaroak eskainiko ditu Udalak

Maxixatzen.eus 2016ko ots. 17a, 17:39

Udalak lanean euskaraz egin ahal izateko 20 orduko iraupena duten ikastaroak antolatu ditu. Langileek eta langabetuek har dezakete parte eskaintzen diren hiru arloetan: ostalaritza eta merkataritza, pertsonen zaintza eta industria. Ikastaroetan euskarazko oinarrizko esamoldeak ikas daitezke eta baita komunikazio gaitasunak landu ere. Etorkinentzat edo bertakoak izan arren euskaraz ez dakitenentzat dira bereziki. Partaidetza doakoa da.

 

Edukiei dagokienez, oinarrizko hiztegia, lan egoera elebiduna, kulturartekotasuna lan munduan, CVak nola hobetu edota online ikastaroei buruzko informazioa jorratuko dira, besteak beste.

Ikastaroak emateaz Banaiz Bagara Elkartea arduratuko da Euskara Plus ANIZTASUNEAN programaren baitan. Helburua da pertsona guztiei lanean euren gaitasunak erabiltzeko aukerak sortzen laguntzea. 2013an, Europako Kontseiluak sorturiko "Language for Work" hartu du abiapuntutzat elkarteak bertako zein atzerriko pertsonei beren euskarazko komunikazio gaitasunak hobetzen laguntzeko.

Euskaraz ez dakiten pertsonei ez ezik, lanean euskaraz komunikatzeko konfiantzarik ez dutenei zuzendutako ikastaroak dira, bertako zein etorkinentzat, euskara eta elkarbizitza txertatuz.

Ikastaroen datak lan esparruaren arabera:

Ostalaritza eta merkataritza: martxoaren 7tik 18ra

Pertsonen zaintza: apirila-maiatza

Industria: ekaina

Izen-ematea: Udaletxeko harreran (953 08 00 80), martxoak 3ra arte.

Ikastaroak Elkargunean izango dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide