Markel Olano eta Ainhoa Aizpuru diputatuak Ibarmia enpresan izan dira

Maxixatzen.eus 2016ko ots. 15a, 18:33

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua, besteak beste, Azkoitian izan dira gaur, hilak 15, Ibarmia makina-erreminta enpresa gertuagotik ezagutzeko.

 

Makina-erremintaren sektorea, bai Gipuzkoan nahiz Euskadi osoan ere, aitzindari izan da eta izaten jarraitzen du. Gipuzkoako ekonomiaren %24a manufaktura-industriaren sektoreari dagokio. Gipuzkoako makina-erreminta industriaren oinarrizko sektorea izan da beti eta horregatik “babesa eta elkarlana” adierazi die Markel Olano diputatu nagusiak arlo horretako erakundeei. Gipuzkoar sektore hau mundu guztian erreferentea dela gaineratu du Olanok, makina-erremintaren sektorean Gipuzkoa marka ona dela adieraziz. Enpresetara egindako bisitetan, makina-erremintaren sektoreak “etorkizuneko industria nolakoa izango den” erakusten duela ziurtatu die diputatu nagusiak bertaratutakoei.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren industriaren aldeko apustuaren garrantzia azpimarratu du Markel Olanok: “Gipuzkoa lurralde industriala da eta gure ongizateari eutsi nahi baldin badiogu, gure gizarte politikei, osasun zerbitzuei eta hezkuntzari, ezinbestekoa dugu industria sendo bat edukitzea”. Diputatu nagusiak adierazi duenez, industria da Gipuzkoako ekonomiaren motorra eta “horrela izaten jarraitu behar du”. Markel Olanok helburu bezala industria 4.0-a jarri eta honen aldeko apustu irmoa egin du. Industriaren aldeko Aldundiaren programak ere aurreratu ditu, eta industria motorra izaten jarraitu dezan fabrikazio aurreratua sustatuko dutela gaineratu du.

Ainhoa Aizpuruk, bere aldetik, fabrikazio aurreratuan egin beharreko I+G+b-n inbertsioa izan du hizpide, “Gipuzkoa berritzaile eta adimentsuago bat izan dezagun”. Teknologia zentroetan adierazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren garapen ekonomikoaren aldeko konpromisoa argia da, baina bide horretan sektore ezberdinek parte hartu behar dutela gogorarazi die. Aizpuruk ezinbestekoa ikusten du enpresa, hezkuntza eta ikerketaren artean sinergiak batzea. Era berean, langileen parte hartzea handiagoa izan behar duela eta etengabeko heziketa behar dela xehatu du Ekonomia Sustapeneko diputatuak. Bide horretan, adibide gisa IMH zentroa jarri du.

Bukatzeko, Ainhoa Aizpuruk makina-erremintaren sektorearen jardunaren ardatzak azpimarratu ditu: nazioartekotzea, berrikuntza eta langileen kualifikazioa; hauei esker “lortuko baita garapena”. Enpresek hiru puntu horien alde eman beharreko aurrerapausoetan Foru Aldundia laguntzeko beti hor egongo dela ziurtatu die.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide