Jose Cruz Gurrutxaga: "Atxagaren liburua irakurri nuenean piztu zitzaidan istorio hura antzezteko gogoa"

Maxixatzen.eus 2016ko ots. 10a, 13:23
Azgazkian, Jose Cruz Gurrutxaga aktore azkoitiarra eta Sonia Vázquez kultura zinegotzia.

Gaur goizean izan da udaletxean Declaración de Guillermo antzezlanaren aurkezpena, eta bertan bildu dira Jose Cruz Gurrutxaga aktore azkoitiarra eta Sonia Vázquez kultura zinegotzia. Datorren zapatuan, hilak 13, izango da antzezlana Elkarguneko areto nagusian. Declaración de Guillermo Bernardo Atxagaren testuan oinarritutako istorioa da, eta pixka bat egokitu behar izan du Gurrutxagak. Gazteleraz izango da emanaldia, "testuak edo istorioak horrela egitea eskatzen duelako", azaldu du aktore azkoitiarrak.

 

Antzerkia ikustera etorriko dela agindu dio Gurrutxagari Bernardo Atxaga idazleak. Izan ere, urriaren 27an aurkeztu zuten Bilboko Arriaga antzokian, eta ezin izan zuen bertaratu. Azkoitikoa bigarren emanaldia izango da, eta herrian antzezteak ilusio berezia egiten diola azaldu du azkoitiarrak. 

Susana Soletok zuzendutako antzezlana da Declaración de Guillermo. Guillermo eta Pepe Euskal Herrira bizitzera etorri diren bi andaluziarren istorioa kontatzen da. Ikusleari pentsarazi nahi zaio etorkinak nola moldatzen diren beste lurralde batean, euren azalean jarrita. Istorio "oso humanoa" dela esan du azkoitiarrak, eta bukaera "nahiko tristea" dela ere gaineratu du. Gurrutxagak zuzenean gitarra jo eta abestu egingo du emanaldian zehar. Formatu txikiko lana da, eszenografia txikikoa. 

Gurrutxagak azaldu du liburua irakurri zuenean asko gustatu zitzaiola eta "testua heldu" egin zitzaiola, eta handik piztu zitzaiola oholtzara eramateko gogoa. 

Antzerkiko sarrera 5 euro ordaindu beharko da, eta egunean bertan 22:00ak aurretik jarriko dituzte salgai. Antzerkiak 45 minutu iraungo du. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide