Etxetxo baserrikoak minduta, jaiotza lapurtu dietelako

Maxixatzen.eus 2016ko urt. 13a, 15:44
Juan Luis Urbieta, Etxetxo baserriaren aurreko jaiotzaren alboan. Kartelean zein pieza lapurtu dituzten ipintzen du.

Loiolako bidegorriaren alboko jaiotza harrapatu zuten joan den astean. Etxetxo baserrikoek hamar urte baino gehiago daramatzate jaiotza ipintzen etxe alboan. "Familia osoa minduta gaude gertaerarekin; ezin dugu ulertu zergatik ez duten jaiotza errespetatzen", azaldu du Juan Luis Urbieta Etxetxo baserriko jaiotzaren egileetako batek.

 

Aurreko urteetan ere jaiotzako zenbait pieza lapurtu zizkietan, eta gerora, alboko zelaira botata bilatu zituzten. Aurten, ordea, den-dena eraman dute. Familiako kide guztien artean osatzen dute urtero jaiotza, eta Fernando Unanue da, batez ere, jaiotza jartzerakoan ordu gehiena ematen dituena.

Jaiotza jartzeaz gain, urtero, abenduaren 24ko Gabon Gaueko afariaren aurretik, auzoko beste familiekin batera prozesioan joaten dira Jesus haurtxoa eskuetan hartuta, eta jaiotzan ipintzen dute kandela-argi batekin.

Gertatutakoaren ondoren oraindik ez dakite datorren Gabonetan jaiotza jarriko duten ala ez. "Pena litzateke ohitura galtzea, hainbeste urtez jaiotza jarri ondoren. Gainera, badakigu jende askori gustatzen zaiola ikustea; egun batean 40 lagun ere bildutakoak dira jaiotzaren aurrean", azaldu du Urbietak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide