Gaurtik ostiralera bitartean izena eman daiteke Xabier Munibe haurreskolan

Maxixatzen.eus 2016ko urt. 11a, 11:05

Urtarrilaren 11tik 15era bigarren matrikula epea irekita izango du Xabier Munibe haurreskolak, 2015-2016 ikasturterako. Datorren martxoan edo ekainean haurreskolan hasi nahi dutenek, urtarrilean egin beharko dute matrikula.

 

Bestalde, haurra matrikulatzeko ezinbestekoa da jaiota egotea eta eskolan hasi aurretik gutxienez 16 aste izatea. 

Matrikula inprimakiak jasotzeko Auzmendi bidean dago haurreskola, eta informazio gehiago nahi duenak deitu honako telefono zenbaki honetara: 943 08 07 37.

 

 

Xabier Munibe haurreskolaren eskaintza

Azkoitiko Xabier Munibe haurreskola zortzi gelaz osatuta dago, eta 0-2 arteko haurrei zuzenduta dago. 0-1 urteko gela zortzi haurrez osatua egoten da, eta 1-2 urteko gela, berriz, hamahiru haurrez. Bakoitzak  bi hezitzaileren laguntza izaten du.

Haurreskola zabalik izaten da 07:30etik 18:30era.

Haurreskolako arduradunek diotenez Xabier Munibe haurreskola hezitzailea da, haurren oinarrizko beharrak asetzeaz gain, txiki-txikitatik beste hainbat arlo lantzen baitira: sozializazioa, balore eta arau ezberdinen barneratzea, autonomia, oreka emozionala, komunikazioa eta abar. "Material aberats zein ezberdinen bidez, haurren garapen kognitibo eta psikologikoa lantzen dugu. Izan ere, pertsona bakoitzaren izaera haurtzarotik garatzen hasten da", azaldu dute arduradunek.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide