Salbuespen legedia lehenbailen indargabetzeko premiaz ohartarazi du Iruinek

Maxixatzen.eus 2015ko abe. 24a, 09:49

"Presoak etxera etorri arte ezin dugu amore eman, hori baita amaiera" azaldu zuen Iñigo Iruin abokatuak, Joseba Azkarraga Sareko kidearekin eta Juan Jose Ibarretxe Agirre Center fundazioko presidente eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiarekin batera atzo Floreaga ikastetxeko On Bosco aretoan emandako hitzaldian. Salbuespen legedia indargabetzea lehenetsi zuen Iruin abokatuak, baina horretarako estatuaren borondatea falta zela azpimarratu zuen. Guztira, ehun lagunetik gora elkartu ziren, "Giza Eskubideak eta espetxe politika. Humanismoa, bizikidetzarako printzipioa" izenburu zuen hitzaldia entzutera. Azkoitiko Sarek bere lehen urteurrena ospatzeko antolatutako mahai-ingurua Naroa Iturri kazetariak aurkeztu zuen.

 

Espainiako hauteskundeak pasatu berri diren honetan, eta aldaketa zantzu batzuk agertu izanagatik, hiru hizlariek esperantza eta fede gutxi erakutsi zuten gobernuarekiko. "Gobernu aldaketak ez du presoen egoera hobetuko, alderdi politiko bakar bat ere ez delako ausartuko salbuespeneko legea indargabetzen epe motzean", azaldu zuen Iruinek. "Ezin dugu gehiago itxaron gobernura zein alderdi iritsiko den. Espainiar estatuak tranpa egin du presoek 6-8 urte gehiago kartzelan emateko", salatu zuen. "Hori aldatzea gizartearen esku dago. Pazientzia behar dugu, mantso joango da prezesua. Denboraren kontrola estatuak du presoekin. Haiekin jokatzen ari da, eta inoiz baino gehiago. Esfortzua eskatuko digu horrek guztiak, baina borrokatu egin behar dugu", adierazi zuen abokatuak. Salbuespeneko legea indargabetzea lehenetsi zuen abokatuak, baina horretarako estatuaren borondatea falta zela azpimarratu zuen. "Lege hori aldatzeko gakoa borondate politikoan dago. Lege horrekin presoei bizitza osoko zigorra bihurtzen zaie, eta hori aldatu beharra dago lehenbailen. Beste presoen lege berdina ezartzeko eskatzen da. Ezin da gatazka bat bukatutzat eman, ondorioek iraunkortasuna badute". Arazo horrek denei ikutu behar diela nabarmendu zuen, giza eskubideak zapaltzen ari direlako, bai presoekin, baita haien familiekin ere. "Presoak etxera etorri arte ezin dugu amore eman, hori baita amaiera, eta oraindik lanean jarraitu behar dugu". 

Ibarretxek gaineratu zuen bake prozesu bakoitzak bere lehentasunak dituela, eta ez dela momentua etapa berri bat hasteko. "Ez dugu orain artekoarekin asmatu, beste gauza berri batzuk asmatu behar ditugu giza eskubideak guztientzat izateko". Honako hiru esparru hauek nabarmendu zituen: "elkarrizketa politikoa, erabakitzeko eskubidea eta giza garapen iraunkorra. Horiek egitea funtsezkoa da, baina ez ditugu egiten. Eta hori gure esku dago".

Ildo beretik, Azkarragak giza eskubideak defendatzearen alde egin zuen bereziki. Europar justiziak zerbait erabakitzerako urteak pasa daitezkeela ohartarazi zuen. Horregatik, zerbait aldatzekotan, euskal gizarteari esker aldatuko dela azaldu zuen. Bestalde, Ibarretxek gaineratu zuen askatasuna galtzen ari dela segurtasunaren aurrean. "Salbuespenezko geroz eta lege gehiago aplikatzen ari dira; baita Europan ere, eta Frantzia da horretan adibide garbiena, eraso yihadisten ondoren". Horrez gain, Ibarretxek behin eta berriz azpimarratu zuen herriaren nortasuna zehaztearen beharra. Kultura dela gakoa aipatzen zuen, bai etxean, baita mundu osoan ere. "Gure irudia mundu osoan ezagutarazi behar dugu; herriaren beste irudi bat eman behar dugu, barruko gatazkak aldatzeaz gain", adierazi zuen. "Munduan herrigintza egoteko, bere agendan kultura jarri behar dela ikasi dugu. Kultura klabea da, garapen iraunkorra izateko. Giza eskubideak erabakitzeko ahalmena izan behar dugu".

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide