Santa Klara eta Ubaiar auzunea lotuko dituen bidegorria martxan da

Maxixatzen.eus 2015ko abe. 14a, 08:00

Herri barruko bidegorri sarea osatzeko falta zen bidegorri zatia eraikitzen hasi da Udala. Zati hori, Santa Klara eta Ubaiar auzunea lotuko dituena da. Lanek pare bat egun iraungo dutela aurreikusi dute.

 

Eraikiko den bidegorriaren ibilbidea udaleko hirigintza arduradunek eta bizilagunen artean adostutakoa da. Udalak bizilagunei hiru proposamen ezberdin aurkeztu zizkieten. Izan ere, zenbait kale estuegiak dira eta bidegorria jarri ahal izateko derrigorrezkoa zen kale horiek norabide bakarrekoak bihurtzea.

Adostutako proposamenaren arabera, Santa Klara kalea norabide bakarrekoa izango da zubi paretik Santa Klara komentura bitarteko tartean. Ibilgailuak Azpeitiko norabidea baino ezingo dute hartu 14-28 eta 39-55 zenbakien artean.

Santa Klara 55 eta Ubair auzunea 13 lotzen dituen zatiak ere noranzko bakarra izango du, Uxer alderantz. 

Halaber, norantza aldaketak egingo dira Ubaier auzunean. 1 eta 12 zenbakien arteko errepide zatiak Azpeitiko noranzkoa izango du, eta 13-22-23-36 zenbakietan, berriz, Auzmendi bidera bideratuko dute trafikoa.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide