Bidezko Merkataritza dendak bihar itxiko ditu ateak

Maxixatzen.eus 2015ko abe. 11a, 19:31

Urtero bezala, Bidezko Merkataritza sustatzeko denda jarri dute Torre Zuri erakustokian, Parrokiko misio taldeko hamar bat boluntariok, Udalaren laguntzarekin. Bertan, herrialde ezberdinetako produktuak daude salgai. Hamar egunez zabaldu dute, eta bihar itxiko dituzte dendako ateak. Antolatzaileak gustura daude azokak izan duen harrerarekin: "Jende dexente etorri da; asko ikustera eta beste batzuk erostera", adierazi du antolatzaileetako batek.

 

Hainbat herrialdetako produktuak biltzen dituzte; gehien bat, Hegoamerikakoa eta Afrikakoa dute. Janariaz gain, arropak eta kremak ere badaude, besteak beste. Jendeak gehien erosi dituen produktuak, batez ere, kafea, arroza, eskuetako kremak eta gailetak izan direla azaldu digute.

Ekarritako prezioan saltzen dituzte, bitartekaritza kosturik gabe, eta bildutako dirua Manos Unidasi emango diote, misioetara bidaltzeko: Haitira, Beninera eta Nepalera, besteak beste.

Esan bezala, bihar, hilak 12, denda irekita izango da, 10:30etik 13:00etara. 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide