Maite Elias: "Gaiak horren gertu ukitzen zaituenean mimo bereziz egiten duzu lan"

Maxixatzen.eus 2015ko abe. 11a, 16:41
Argazkian: Maite Elias Uria.

Maite Elias Uria azkoitiar disenaitzaile grafikoak landu du aurtengo Euskarak 365 Egun irudia. Urteetan aritu izan da agentzia eta estudioetan lan egiten, eta egun, bere kontura aritzen da freelance moduan. Bere lan gehienek brandingarekin dute zerikusia, hau da, markarekin eta horren inguruko irudia sortzearekin. Azkoitian, adibidez, honako marka hauek landu ditu: Latz taberna, Uhaitz kafetegia, Aldako informatika denda eta Zaittu fisioterapia zentroa, besteak beste.

 

Nolatan aukeratu zintuzten Topagunekoek, Euskarak 365 Egun markaren irudi berria diseinatzeko
Lau urte inguru daramatzat freelance moduan lan egiten, eta nire kontura lanak egiteaz gain, beste hainbat estudiorentzat ere kolaborazioak egiten ditut. Kasu honetan, Topagunekoak harremanetan jarri ziren nik kolaboratzen dudan estudio batekin, eta hark niri pasatu zidan lan horren ardura.

Diseinu berri bat sortzeko imajinazio asko behar al da? 
Noski sormena behar da, baina baita komunikatzeko gaitasuna ere. Bezeroari entzuten jakin behar da, zer komunikatu nahi duen eta hori argi izanda, sormenaren txanda heldu da, baina beti eskutik joan behar dira.

Nolakoa izaten da emaitzeraino iritsi arteko lana?
Sormen prozesua puzzle bat egitea bezala da niretzat. Hasiera batean pieza solteak dituzu, esan nahi duzunaren inguruko ideia solteak, eta poliki-poliki forma hartzen hasten da, pieza horiek beste batzuekin lotu eta zentzua hartzen hasten da dena.

Zer izaten da zailena diseinu berria sortzerakoan?
Zailena da bezeroa ideia batekin datorrenean, askotan, egin nahi duena eta esatea nahi duena bat ez datozelako. Sarritan gertatzen da nonbait ikusi dugun marka edo irudiren bat gustatzea, eta hori gure markarentzat baliatzea. Baino hori baino konplexuagoa da; mezuak eta irudiak bakoitzaren beharren arabera egin behar dira, eta denak denontzat ez du balio.

Euskarak 365 Egun markaren kasuan, zein izan da landu duzun bidea? 
Lerro nagusia aurreko urtean definitua zegoen. Izan ere, duela urtebete Di-da estudioak landu zuen Euskarak 365 Egun karteleko irudia, eta nik aurten haiek landutakoa hartu eta jarraipena eman diot. Hortaz, hasierako sormen lanaren pausoak emanak zeuden.
Kamisetei dagokienez, berriz, zerotik hasi behar izan nuen. Beraiek zerbait desberdina egitea eta kamisetak jendearentzat erakargarriak izatea eta kalean erabiltzeko modukoak izatea nahi zuten. Asko gustatzen zait kamisetak eta arropak diseinatzea, eta, gero, ilusio berezia egiten du kalean jendeari jantzita ikusteak. Oso gustuko ditudan bi lan landu ditut, tipografia bidezko diseinua eta arropen diseinua.
Ez da erraza landutako bidearen hasiera eta bukaera azaltzea, bidean marrazki eta diseinu pila bat daudelako zuek ikusi duzuen emaitzera heldu arte.

Zergatik erabili duzu kolore berdea?
Joan den urtean kolore magenta (arrosa) eta urdina erabili zituzten, eta aurten, berriz, bezeroak kolorez aldatu nahi zuen. Euskara anitza da, koloretsua, eta bezeroak proposatzen zuena gustatu zitzaidan: kolore beroa aukeratzeko eskatu zidan, eta hortik atera zen kolore berdearen aukeraketa.

Gustura al zaude lortutako emaitzarekin?
Bai, gustura egin dut lan eta gustura gelditu naiz emaitzarekin. Esaten dute diseinatzaileok ego handia dugula, eta konturatzen naiz geroz eta arrazoi handiagoa dutela. Ilusio handia egin zidan semea nik egindako pegatinarekin ikastolatik ateratzen ikustea, eta are gehiago gaia hain polita denean.

Berezia izan al da Euskararen aldeko proiektuan parte hartzea?
Bai noski; gaiak horren gertu ukitzen zaituenean mimo bereziz egiten duzu lan. Identifikatuta sentitzeak eta egiten ari zaren horretan sinesteak, beste posizio batean jartzen zaitu, eta nahi edo ez, lana ilusio desberdinarekin egiten duzu. Joan den urtean Di-da-koekin elkarlanean Durangoko Azokaren diseinua egin nuen, eta euskararekin eta euskalgintzarekin zerikusia duten lanak egitea beti da berezia euskaldun batentzat.

Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, aurkeztu zuten irudi berria, eta Eliasek egindako irudia daramaten hainbat produktu sortu dituzte: poltsak, kamisetak eta pinak, esaterako. Hona hemen produktuak iruditan:

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide