"Herri hau sortzen jarrai dezagun, euskaratik eta euskaraz"

Maxixatzen.eus 2015ko abe. 3a, 13:43

Javier Zubizarreta alkateak honako adierazpen instituzional hau egin du udaletxeko balkoitik gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean: 

“Euskara, herritar guztion hizkuntza da, euskarak guztiok batu eta aberasten gaituen hizkuntza behar du. Azkoitiko Udalak euskararen inguruan, adierazpen honen adostasun osoan oinarriturik, herritar eleaniztunak lortzeko pausoak egin nahi ditu.
Aurrerapauso garrantzitsuak egin dira euskararen normalizazio eta biziberritze bidean. Azken urte hauetan, euskarak hazkunde prozesua izan du, eta, neurri handian, biziberritu egin da. Hiru izan dira prozesu horren zutabe nagusiak: herritar askoren engaiamendua euskararekiko, hezkuntza eta helduen euskalduntzea. Azken hamarkada hauetan, milaka eta milaka izan dira heldutan euskara ikastea erabaki duten herritarrak, eta  milaka, baita ere,  euskararen aldeko hautua eginez, euskararik jakin edo jakin ez, euren seme-alabentzat euskarazko irakaskuntzaren aukera egin dutenak.
Azkoitiko Udalak 2015eko abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunean, euskarara hurbiltzeko hautua egin duten pertsonei aitormena egin nahi die, euskararenganako erakutsi duten atxikimendua eta hizkuntza hori ikasteko egin duten ahaleginagatik. Euskararen biziberritze prozesua elikatu duten eta elikatzen segitzen duten pertsona horiek, eta haien guztien gogoa, kemena eta ahalegina aitortu eta omendu nahi ditugu.
Azkoitiko Udalak berretsi nahi du herritar eleanitzak lortzeko helburua, uste baitu eleaniztasunak eragin ona duela gure gizartearentzat, bizikidetza demokratikoari eta gizarte-kohesioari begira. Bide beretik, Udalak erraztasunak bilatuko ditu euskararen ezagumendua helarazteko ikasi nahi duten guztiei.
Halaber, Udalak konpromisoa hartzen du euskararen erabileran normalizazioan urrats sendoak ematen jarraitzeko. Aurrera begira, erabilera baita gakoa eta Udalak hitzematen du aukera berriak irekiko dituela euskara erabiltzeko, eta horretarako, errespetatuko dituela hiztun guztien hizkuntza-eskubideak eta euskararekin bat egiteko askatasuna.
Erakundeei eta herritarrei dei egiten diegu elkarrekin aurrera segitzeko. Euskararen aldeko egoeran euskara da, beste ezer baino lehen, hizkuntza garaikidea, berritzailea eta gaurkotua, gure gizarteak erabiltzen eta sustatzen jarraitu nahi duena.
Udalak dei egiten die euskal herritar guztiei parte har dezaten bertan eta nazioartean euskara sustatzearen alden abenduaren hiruan antolatzen diren ekitaldietan”.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide