Urrategi Alberdi: 'Bizitzeko modua aldatzen badugu, denok irabaziko dugu'

Urrategi Alberdi 2015ko abe. 1a, 15:50

Oreka bioelkarteak antolatuta, azaroaren aurreneko hiru asteazkenetan "Sukaldaritza energetikoa" ikastaroan parte hartzeko aukera izan nuen.

Elikadura energetikoari buruz aritu zen Silvana Huegun, nutrizioan aditua. Menu berezietako plater osasuntsu eta goxoak prestatzen erakutsi zigun hamabost bat emakumeoi. Udazkenerako eta udaberrirako jaki egokiak nola erabili ikasi genuen bertan, eta nola eragiten duten gibel eta giltzurrunean.

Gaur inoiz baino garbiago dugu osasunerako barazkiak eta fruituak izan behar ditugula eguneroko dietan; horiek jatea gomendagarria dela. Baino askotan ez dakigu nola konbinatu, nola osatu menua edo jakiek nola gordetzen dituzten propietate guztiak. Betiko moduan ez ezik, jaki horiek prestatzeko era asko ere badaude, oso erakargarriak gehienak.

Kontuan izan behar dugu adituek ziurtatu digutela jaten dugunak minbizian eta beste hainbat gaixotasun eragin ditzaketela zuzenean. Rikardo Arriola sendagile eta medikuntza naturalean adituak eta Silvanak sukaldaritza ikastaroa hasi aurretik eman zuten hitzaldian argi utzi ziguten minbizia ez sortzeko ahaleginetan zer eduki behar dugun kontuan: toxikorik gabeko elikadura eta ingurua, ariketa fisikoa, arnasketa sakona eta kontzientea, emozioak zaintzea, bizitzaren helburua bilatzen saiatzea…

Beraz, ezinbestekoa da gure sukaldean sartzen diren barazkiak bertakoak, garaikoak eta ekologikoak izatea. Eta horretarako badugu beste aukera bat poltsikorako ere lagungarri egingo zaiguna: herriko baratzak. Udaberrian jarri zituen martxan udalak. Aire librean, naturarekin kontaktuan, beste baratzetakoekin harremanetan, ez du denbora gehiegi eskatzen, zuzenean baratzetik sukaldera, familia eta bizilagunei eskaintzeko plazerra, emozio onak sortzeko bidea, eta abar eskaintzen digute.

Eta zer esan hain zigortuta daukagun inguruneaz? Ba modu honetan sekulako mesedea egiten diogula, ez baitugu ia hondakinik sortzen. Besteak beste, garraioa eta ontziak ekiditen ditugulako.

Gizakia krisian dago. Ekonomia krisian dago. Ingurumena krisian dago. Alternatibak edo beste aukera batzuk bilatu beharrean gaude. Bizitzeko modua aldatzen badugu, geure burua zainduta gainontzeko guztiak kontuan hartuta, hori egiten asmatzen badugu, denok irabaziko dugu.

Eskerrik asko, beraz, Orekari aurten ere ikastaroa antolatzeagatik. Jarraitu, mesedez, bide horretatik. Hurrengoetarako, agian, beste hainbat elkarterekin batera antolatuz gero, beste kolektibo batzuengana heltzeko modua izango duzue. Adibidez: jubilatuengana, umeengana … Udalak ere badauzka aukera asko herritar guztiengana heltzeko modu batera edo bestera, bide batetik edo bestetik. Eta ea datozen ikastaroetara gizonak ere azaltzen zareten, familiaren osasuna guztion ardura baita.

Animo bada guztioi zeregin polit eta eraginkor hauetan.

Mila esker.

Urrategi Alberdi

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide