Organikoa birziklagarria da; plastikoa, ordea, oraindik ez

Maxixatzen.eus 2015ko aza. 18a, 13:46

Udalak adierazi du edukiontzi marroietan nabarmen murriztu dela material desegokien kantitatea eta azken behaketen arabera, jasotako organikoa birziklagarria dela. Alegia, ez da zabortegira bidaltzen. Aitzitik, ontzi arinen kasuan oraindik ez da helburua bete, birziklapen plantetara bideratu ahal izateko onartutako material desegokiaren kopurua gainditu egiten delako.

 

Udalak eta Urola Erdiko Mankomunitateak edukiontzi grisak jartzea erabaki zuten premiazko eta behin-behineko neurri gisa, edukiontzi horietan eta marroietan jasotako hondakinak ez zirela egokiak birziklatzeko eta zabortegira bideratzen zirela ikusita. Orain, organikoaren kasuan inpropioen kantitatea –okerreko edukiontzira botatako hondakinak- murriztea lortu dela adierazi du Udalak, eta, ondorioz, Gipuzkoako Hondakinen Kontzortzioak (GHK) material birziklagarri gisa onartzen du konpost plantetara bideratuz.

Bildutako hondakin organikoen artean inpropioek %5 gainditzen baldin badute, material hori ez da onartzen birziklatzeko, eta hori da gertatzen ari zena. Alabaina, azken bilketetan emaitza "positiboak" jaso dira, Udalaren arabera. Azaroaren 4an, 9an eta 11n egindako karakterizazioetan kanpo geratu beharreko materiala %3,6koa, %0,05ekoa eta %1,65ekoa izan da, hurrenez hurren. Beste datu positiboa da emaitza horiek lortu direla, baina hondakinen tona kantitatea mantenduz. 

Edukiontzi horian jasotako materialaren %35 desegokia izaten jarraitzen du, hau da, beste edukiontzi batzuetara bota beharrekoa da. Hau gerta ez dadin, Udalak zalantza dagoen kasuetan edukiontzi grisa erabiltzea gomendatzen du. 

Udalak herritarrei egiten ari diren ahalegina eskertzen die, eta hobetzen jarraitzera animatzen ditu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide