Collodion hezea teknikaren bidez ateratako argazkiak

Maxixatzen.eus 2015ko aza. 17a, 10:49

'Zer da collodion hezea?', galdetuko duzue askok. Collodion hezearen teknika fotografikoa Gustave Le Grayk deskribatu zuen aurrena, eta Frederick Scott Archerrek sintetizatu zuen azkenik 1851n. Argazkilaritza munduko lehenengo iraultza demokratizatzaile handia eragin zuen horrek, argazkiak egitea jende askoren eskura jarri zuelako; izan ere, dagerrotipoa bezalako beste teknika batzuk garestiago eta arriskutsuagoak ziren.

Hala eta guztiz ere, collodion hezearen teknikak lotura berbera du artisautza eta alkimiarekin eta argazkilaritzarekin; batere zer ikusirik ez du oraingo gure mugikor eta gailu digitalekin. Argazkilaria da prozesu osoaren arduraduna. Baliabideak prestatuz hasten da, plaka garatzerakoan eragiten duten kimikoak nahastu, une oro dena kontrolatuz giro-baldintzak egokiak izan daitezen, eta elementu kimikoen batura hauskor horrek bere lana egin dezan.

Collodiona isurtzearekin hasten da prozesua. Filma fotografikoaren lana egingo du horrek aluminiozko edo beirazko plakaren gainean. Ondoren, ordurako emultsionatutako plaka zilar-nitratoko bainu batean murgilaraziko dugu minutu batzuetan. Une horretan, erreakzioa sortuko da collodionean esekita dauden gatzekin, eta fotosentikor bihurtuko da plaka. Materia sentikorra eskuratu dugunean, plaka txasis batean sartuko dugu ilunpeko baldintzetan, eta txasis hori kargatuko dugu kameran.

Orduan, argazkia egiten jarriko dugu arreta osoa. Horretarako, segundo batzuetako esposizioa beharko dugu, eta argazkian agertuko dena erabat geldi egon beharko du. Hori eginda, txasisa kameratik aterako dugu, eta laborategira eraman. Han errebelatze klasikoko hiru faseak pasako ditu, eta azken emaitza eskainiko digu. Artean ere kontu handiz garbitu, lehortu eta bernizatu beharko da argazkia bere iraupen luzeko propietateak bereganatu bitartean.

Bai era sinesgaitzean zehaztutako collodion-argazkilaritzaren ezaugarri estetikoak, eta baita artisau prozesu partikularrak ere, berekin dakartzan inperfekzio guztiekin, collodionarekin egindako argazkiak objektu bakan bihurtzen dituzte, birtualki erreplikaezinak; haiek eskuratzeko behar diren materialak eta denbora baino balio handiagoa dute berez.

Collodionarekin argazki bat egitea etxera eramateko aluminiozko plaka edo paretan zintzilik jartzeko erreprodukzioa baino askoz ere gehiago da: prozesu fotografikoa ikusteko esperientzia da, hasieran sorrarazi zuten bezalaxe, geure begien aurrean: material esentzialetatik –argia, zilarra eta denbora– bere osagaien batura baino gehiago den produktua eskuratzea. Eta, gainera, bizi garen abiada beteko kontsumo garai honetan ez da horrelakorik gertatzen; bizitzea eta oparitzea merezi duen aukera da.

Testuaren iturria: www.senorarcher.com.

Honako argazki hauek Jon Andoni Martinek ateratakoak dira:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide