Xabier Eguino: 'Nire ametsa muturreko kiroletako argazkilaria izatea eta hortik bizi ahal izatea da'

Maxixatzen.eus 2015ko aza. 9a, 12:17
Argazkian, Xabier Eguino

Xabier Eguino argazkilari azkoitiarrak Premios Action lehiaketako finalera iristea lortu du. Bere afizioaz gehiago jakiteko, berarekin izan da Maxixatzen. 

 

Zer da Premios Action lehiaketa? 

Espainia mailako muturreko kirolen inguruko lehiaketa da, eta kirolariak saritzeaz gain bideozale bat eta argazkilari bat ere saritzen dituzte. Izen handiko lehiaketa da. Gainera, gaur egun oso maila altua dago estatu mailan, bai kirola praktikatzerakoan, bai argazkiak edo bideoak egiterakoan. Lehiaketaren helburu nagusia urte osoko lan ona aitortzea da muturreko kirolaren munduan gabiltzanoi.

Finalerako sailkatuta zaude. Irabazteko aukerarik ikusten al duzu?

Banuen esperantza finalerako sailkatzeko, eta horrek ilusio handia egin dit. Orain, noski, polita litzateke irabaztea, baina edozer pasatu daiteke; aukera, hor dago beti. Azaroaren 26an erabakiko dute irabazlea, Bartzelonako Apolo aretoan izango den galan. Ez dakit zain den saria, baina niretzat dirua edo materiala irabaztea baino garrantzitsuagoa da, urte osoan egindako lanaren esker ona jasotzea.

Guztira zenbat partaide aurkeztu zarete? 

Denera, 50 argazkilari inguru aurkeztu ginen. Nik, esaterako, bost argazkiz osatutako albun bat aurkeztu nuen, eta honako hau da harrera onena izan duen argazkia: 

Aurreneko aldia al da horrelako lehiaketa batera aurkezten zarena?

Ez; iaz, esaterako, Diary of a tour espainiako lehiaketara aurkeztu nintzen eta hirugarren postuan gelditu nintzen.  Duela hiru urte, berriz, Red Bull Illume mundu mailako lehiaketan parte hartu nuen, eta final laurdenetara iristea lortu nuen. Hiru urtean behin izaten da azken lehiaketa hori, eta aurten ere parte hartuko dut.

Sari hori irabazita, argazkigintzan ate asko irekiko dizkizula uste al duzu?

Dagoeneko ate asko ireki dizkit argazkilaritzak, eta etorkizunlaburrean ere ate asko erdi irekita ikusten ditut.

Nolako argazkiak ateratzea gustatzen zaizu gehiena?

Argazkilaritza orokorrean guztatzen zait. Baina arlo bat aukeratzekotan, muturreko kiroleko argazkiak ateratzea da.

Nora joaten zara argazkiak ateratzera?

Ez dut leku zehatzik, leku guztiek dute beraien xarma: skateparkeetan, kalean, mendian, zirkuitoetan, etxean, txapelketetan, ekitaldietan… Dezente mugitzen naiz Euskal Herrian, eta ahal dudanean saiatzen naiz Espainia aldera joaten ere. 

Duela gutxi esaterako, Gas Cultureren bitartez Circuito de Navarran izan nintzen Espainiako Drift txapelketako finalean argazkiak ateratzen.

Zein aukeratzen dituzu modelo lanak egiteko?

Normalean lagunak izaten dira. Hala ere, ez dut uste modelo lana egiten dutenik; kirolariak izaten dira gehienak, batzuek profesionalak eta besteetan amateurrak. Nire argazkietan ez dago poserik.

Noiztik datorkizu argazkigintzarako zaletasuna? 

Txikitatik aritu izan naiz honetan, eta, batez ere, aitaren reflex analogikoarekin ibiltzen hasi nintzenetik. Betidanik autodidakta izan naiz. Diseinu Grafikoko ikasketak egin nituen, eta hark asko lagundu zidan argazkilaritza digitalean oinarri sendo bat hartzeko.

Orain, berriz, diseinu grafikoaren bueltan egiten dut lan, baina argazkilaritzan ere egiten ditut lantxoak: ezkontzetan, jaunartzetan eta bataioetan, besteak beste. Oraingoz, afizioa da argazkilaritza, baina etorkizunean profesionala izatea nahiko nuke. Gaur egun Gas Culture, Euskal Herria extreme ta Afrotrails taldeekin kolaboratzen dut.

Nire ametsa muturreko kiroletako argazkilaria izatea eta hortik bizi ahal izatea da. Oso zaila da hori lortzea, batez ere, gaur egun dagoen panorama ikusita. Momentuz, ilusio ta sakrifizio handiarekin egiten dut lana, eta ez dakit etorkizunak ze ekarriko didan.

Argazkiak ateratzeko abilezia izateaz gain, bi gurpilen gainean ere artista da Eguino:

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide