EH Bildu, PSE-EE eta EAJ-k bat egin dute Oroimenaren Eguneko proposamerarekin

Maxixatzen.eus 2015ko aza. 6a, 15:22

Datorren asteartean, hilak 10, Oroimenaren Eguna izango da, eta Udalak herritarrak eta erakunde eta eragile sozialen ordezkariak ekimenarekin bat egitera gonbidatu ditu. Ekitaldia Insausti Jauregian izango da 12:00etan, eta hamabost minutuko isilunea egingo dute. EH Bildu, PSE-EE eta EAJ alderdiek bat egin dute proposamenarekin.

 

Ekitaldia Insausti Jauregi aurreko lorategian izango da, 2007ko martxoan inauguratu zen "Oroimenean" eskulturaren ondoan, hain justu. Ordu laurdeneko isilunearen ostean, “Oroimenean” eskulturari lore eskaintza egingo zaio biktima guztien memorian.

Javier Zubizarreta alkateak honako hau adierazi du: “Nire asmoa da Oroimenaren Eguna ahalik eta adostasun handienarekin egitea, eta horretan oinarrituta, urtez urte aurrerapausoak ematea bizikidetzaren esparruan". 

Ildo horretan, 2013ko martxoaren 14an, EAJ, EH Bildu, PSE eta PP talde parlamentarioek bakearen eta bizikidetzaren esparruan lorturiko akordioa hartu da oinarri, azken urteetan lortutako adostasun bakarrenetarikoa.

Akordioak hauxe dio: "Bakea eta bizikidetza lortzeko, beharrezkoa da indarkeriaren bidegabekeria aitortzea, egindako mina onartzea eta biktimak duintzea; izan ere, biktima guztiek merezi dute egia, justicia eta konponbidea lortzeko eskubidea".

"Oroimenean" eskultura ETAren, Komando Autonomo Antikapitalisten eta GALen biktimen oroimenean jarri zen. Eusko Jaurlaritzak landutako “Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri (1960 -2010)” txostenean biktima berak aitortzen dira. Dokumentuan Jose Luis Salegiren kasua ere agertzen da,  baina egiaztatze eta ikerketa sakonagoa behar duela azaltzen da.

Azkoitian aitortutako biktimak dira Ramon Baglieto, Justino Quindos, Elio Lopez, Julio Muñoz, Jose Maria Piris, Jose Larrañaga eta Ramon Oñaederra.

Bestalde, azken udalbatzan EH Bilduk eskaera egin zuen aipatutako txostenean Jabier Larrañaga "Peru" biktima gisa errekonozitzeko, eta, oraingoz, kasua aztertzen ari dira. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide