Hainbat desadostasun udal osoaren ohiko bilkuran

Maxixatzen.eus 2015ko urr. 29a, 08:37
Atzo, hilak 28, 2016rako tasen eta zergen inguruan egindako udalbatza.

Azkoitiko Udalak atzo eman zion hasierako onespena 2016rako tasa eta zergen inguruan egindako proposamenari. Oposizioko alderdiek desadotasuna erakutsi zuten zaborraren tasaren igoeran eta etxebizitza hutsen zergaren desagertzean, batez ere.

 

Zergen kasuan, etxe hutsei Ondasun Higiezinen gaineko Zerga kenduko zaiela onartu zen. Eta horri lotuta, gainerako etxebizitza eta higiezin industrialentzat igoera bat ezartzea aurreikusten da. Zehazki, etxebizitzen kasuan igoera %1,5ekoa izango da eta industriarenean, %2,5ekoa.

“Arrazoizko irizpidea jarraitu dugu. Batetik, uste dugu bidezkoa dela etxe hutsei errekargua kentzea zeren, Azkoitian, orokorrean ez dugu uste  etxe bat inbertsio gisa erosten denik. Gehiengoak bertan bizitzeko hartzen du etxebizitza eta bigarren etxea dutenen kasuan, gehienek herentzia baten ondorioz jaso dutelako da”, azaldu du EAJko ogasun zinegotzi Ana Azkoitiak.

Zerga horren alde bozkatu zuen EAJak, aurka EH Bilduk eta Azkoitia Baik eta abstenitu egin zen PSE-EE.

EH Bilduk azaldu zuen krisialditik irteteko modua ez dela, bizilagunak estutzea, horietako askok, zailtasunak dituztelako hil bukaerara iristeko. “Konponbidea da, behar beharrezko kontutan gastatzea eta enpresei laguntzea, enplegua, lana, sor dezaten”, azaldu zuen Idoia Uranga EH Bilduko zinegotziak. “Gainera, etxebizitza hutsen zergak, honako helburu hauek ditu: oinarrizko etxebizitza eskubidea bermatzea, hutsik dauden etxebizitzen alokairua eta etxebizitzen eraberritzea bultzatzea eta herriko ekonomia suspertzea. Bigarren etxebizitza hutsa dutenek, diru gaitasun gehiago dute eta ekarpen handiagoa egin beharko lukete”.

Azkoitia Bai adierazi zuen inolaz ere ez zaiela “taxuzkoa” iruditzen, “ondo funtzionatu duen zerbait kentzea”. Izan ere, pasa den urtean gazteentzat etxeak alokatzeko hobariak “arrakasta handia” izan zuten.

Zerga horrez gain, 25 urtetik gorako ibilgailuen zerga ere kendu egingo litzateke. Gainerako zergak mantentzea erabaki da.

Tasei dagokienez, “gehienak mantentzea proposatu du EAJak, Elkargunekoak kasu. Alderdi guztiek udal gobernuaren proposamenaren alde bozkatu zuten Irabazi Azkoitia Baik ez ezik. Azken hau abstenitu egin zen, honako arrazoi hauengatik: "Azkoitia Baik igoera minimo batzuk eskatzen ditu urtero egiten ari garen (250.000€) zuloari soluziobiderik aurkitzen ez zaiolako. Horrez gain, eraikinaren mailegua ordaintzen ari gara denon artean. Eraikinari etekin gehiago atera behar diogu".

Aldatuko diren tasak uraren eta zaborraren gainekoak izango dira. Zaborren kasuan, %5eko igoera proposatu du udal gobernuak. Igoera Urola Erdiko Mankomunitatearen zerbitzuen kostuen igoeran argudiatzen da. Azken bi urte hauetan kostuak gora egin dute eta ondorioz, defizita areagotu egin da, 2015ean zaborren tasa %15 jaitsi egin baitzen. 2014ean zerbitzuaren estaldura herritarren aldetik %74,7koa izan bazen, 2015ean, %66,13ra jaitsi da. “Estaldura maila baxua deritzogu eta prudentziaz jokatuz, ez baitugu  aurreikusten 2016rako Mankomunitateko zerbitzuaren kostuan jaitsierarik izan dezakegunik, %5 igoaz, %73,67ko estaldurara hurbilduko ginateke”, azaldu du Ana Azkoitiak.

Tasen aldaketak EAJren aldeko botoekin onartu zen. EH Bilduk eta Irabazi Azkoitia Baik ezezkoa bozkatu zuten eta PSE-EE abstenitu egin zen.

EH Bilduk adierazi zuen zaborren tasa %5 igotzearen aurka daudela. “Aurreko legealdian, herritar kontzientzia lantzeko lan arduratsua eta pedagogikoa, gainbegiratze garrantzitsuarekin egin dela, legedi berri honetan egin ez dena.  Orain, udalak bere gain hartu behar du %5ren igoeraren kostea, eta ez herritarrek.

Beste zenbait koste, udalaren gain hartu badituzte, adibidez alkate eta zinegotzien soldaten igoeren kostea, zergatik ez hau?”

Azkoitia Baik, berriz, tasetan, kontzeptu bakoitzean egiten den gastua, kontzeptu horretan berreskuratu behar dela azaldu zuen. Zaborrak jasotzeko zerbitzuan 1.130.000€ko gastua aurreikusten bada, azkoitiarrok ez engainatzea eta zaborrean hori ordaindu behar bada, ordaintzea, bestela beste nonbaitetik atera beharko baita diru hori. Bestalde, zaborraren gaiari ere gogor eutsi behar diogu eta naiz eta gure taldeari atzera pauso handia iruditu edukiontzi grisa berriro ere kalean ikustea”.

Eta, azkenik, PSE-EE alderdiak ere bere desadostasuna erakutsi zuen. “Ez daude ados tasen igoerarekin. Ados daude beste herrien kopuruen erdian izan behar duela Azkoitiak ere, baina orain ez da momentu egokia. Gainera, Mankomunitatearen datuak ez zaizkigu zinegotziei iristen, eta hori ere eskatzen dugu. Mankomunitateak gastu handiak egin ditu azken urteetan, eta orain ez dute herritarrek %5 gehiago ordaindu beharrik; udalak izan behar du gastu horren arduraduna. Gastu hori aurrez gestioak ondo egin ez direlako etorri da”. 

Bukatzeko, uraren kasuan, “doikuntza batzuk egingo dira, pixkanaka Ur Kontsortzioa aplikatzen ari den tarifetara hurbiltzen joateko, orokorrean goitik gaudelako”, azaldu zuen Azkoitiak. Doikuntza horiekin orokorrean kontsumoari dagokion kanona igotzea proposatu  da, baina finkoak direnak murriztea. Horrela kontsumoa da zigortzen dena. Urari dagozkion tarifak aho batez onartu ziren ohiko bilkuran. Hala ere, Azkoitia Baik gaineratu zuen gehien kontsumitzen duenak gehiago ordaindu behar duenaren aldekoak direla.

Argazkian, Ana Azkoitia Ogasun zinegotzia eta Javier Zubizarreta alkatea ohiko bilkuraren aurretik egindako prentsaurrekoan. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide