Gerdau multinazionalak salgai jarri du Sidenor

Maxixatzen.eus 2015ko urr. 16a, 14:50
ELA-k eta LAB-ek Gerdauko lan hitzarmenaren aurreakordioa salatu zuten pasa den uztailean. (Argazkia: Hitza)

Azkoitiko Gerdau siderurgia-konpainiako langile batek azaldu dio Maxixatzeni aspalditik entzuten zirela enpresan zurrumurruak, baina gaur goizean ustekabean jakin dutela Gerdauk Espainiako estatuan dituen lan-zentroak salgai jarri dituela. Multinazionalak zazpi lantegi ditu estatuan, haietako bost Euskal Herrian, eta bostetako bat Azkoitian. Guztira, 1.500 langile daude Euskal Herrian, eta Azkoitian, berriz, 360 langile inguru.

LAB sindikatuak jakinarazi du Gerdauko lantokien bideragarritasuna defendatuko duela. "Langileok hedabideen bidez ezagutu dugu Gerdauko erabakia. Erabat onartezina da Gerdau bezalako multinazional batek bere langileekiko erakutsi duen mespretxua. Hau al da komunikabideetan patronalak aldarrikatzen duen gardentasunean eta langileen parte hartzean oinarritutako enpresa eredu berria?", salatu du LABek. Horrez gain, zuzendaritzari gardentasuna, errespetua eta informazioa exijutu dizkio. "Euskal Herriko Gerdauko lantokiak ekonomikoki bideragarriak dira eta lan karga badute. Beraz, eskatzen dugu lantoki guztien etorkizuna, lanpostuak eta lan baldintzak bermatzea. Halaber, erakundeei exijitzen diegu aipatutako helburuak berma ditzaten."

Eitb.eus-ek jakinarazi duenez Brasilgo atzeraldiak, Txinaren hazkunde motelagoak eta altzairu zein burdin mineralaren salneurriaren beherakadak kalte egin diote Gerdauren egoera ekonomikoari. Brasilgo multinazionalaren mozkinek % 40 egin dute behera urteko lehen erdian, 2014ko ekitaldiko datuekin alderatuta, eta horren akzioek balioaren ia % 75 galdu dute aurten.

Ondorioz, Amerikako lantegietan inbertsioak areagotu du konpainiak, eta Espainiako filiala saltzeko erabakia hartu.

Konpainiaren etorkizuna argitzeko, salmenta posibleari buruzko informazioa “lehenbailehen” emateko eskatu dio ELAk Gerdauri, sindikatu abertzaleak agiri batean adierazi duenez. Gainera, “Gerdaun lanean ari diren langileen eta haien senideren etorkizuna defendatzeko” eskatu die sindikatuak EAEko erakundeei.

Albistearen inguruko informazio gehiago hemen

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide