'Hankak lurrin' jarrita abiatu dute aldi berria

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitza 2015ko urr. 16a, 08:52
Miguel Rodriguez, Xabier Arenaza eta IƱaki Segurola, asteazkenean, 'Hankak Lurrin' saioan. (Ana Abarisketa)

Azkoitiko Kontrako Eztarrixe irrati libreko Hankak Lurrin saioko kideek hasi dute dagoeneko hirugarren denboraldia. Aurreko saioan, gainera, Ana Abarisketa Hitzako kazetari azkoitiarrak zuzenean elkarrizketatu zituen.

 

Hankak Lurrin saioaren denboraldi berria martxan da. Pasa den asteazkenean hasi zuen hirugarren denboraldia Azkoitiko Kontrako Eztarrixe irrati libreko hirukoteak. Aurreneko saioa berezia izan zen, Urola Kostako Hitzak zuzenean elkarrizketatu zituen Xabier Arenaza Mamo, Miguel Angel Rodriguez Miel eta Iñaki Segurola Ogrue. 94,2FM sintoniaren baitan azaldu zituzten Hankak Lurrin irratsaioaren hasierak.

Hasierara atzera jauzi eginda, Miguel Rodriguezi sortu zitzaion irratia egiteko gogoa. Buruari bueltak ematen hasi, eta “edozertaz” hitz egingo lukeen saioa sortzea pentsatu zuen. Hala, lagun bati otu omen zitzaion irratsaioariHankak Lurrin izena jartzea. Ordutik, hamaika saio egin dituzte eta asteazken arratsaldez irratia pizteko zain izaten diren entzule fidelak lortzen joan dira, ahoz ahokoari esker gehientsuenetan.

Euren saioetan hamaika gai landu dituzte orain arte: hedabideak —Fedabideak da tartearen izena—; legez kontrako drogen eta, gizartean, oro har, guztiz onartuta dauden pilulen arteko desberdintasunak; menpekotasunak, 80ko hamarkadan sortutako punki mungimenduaren, borroka armatuaren eta antimilitarismoaren arteko konparaketak; edota sexua eta honi maiz ematen zaion gehiegizko balioa. Guztia, ikuspuntu propio bezain puskatzaile batetik zabalduz beti, umorea eta gai mingarriak nahastuz eta, beharbada, irrati konbentzionaletan horren ohikoak ez diren ideiak botaz.

Saioa urtez urte eraldatuz joan dela diote. Miel hasi zen hizlari bakar bezala, Mamo soinu-teknikaritzara mugatuz. Gero, mikrofonoz hitz egiteari “gustua” hartu omen zion hark, eta Ogrue gonbidatu zuten. Lehen saio hartan, musika kontzertuez jardun zuen azpeitiarrak, eta, orain, ideia berbera mantentzen jarraitzen duela dio: “Lehengo kultura herrikoian, inoiz ez ziren egoten hasieratik bukaera arte abeslariei begira; hori oraingo kontua da, eta ‘kontzertua’ hitzak berak ematen dio meza aspergarri ukitua. Kontzertuena aristokraziak sortutako kontua dela pentsatzen jarraitzen dut”.

Jarraitu erreportajea irakurtzen hemen.

Saioa entzungai hemen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide